Lehendakariak kredentzialak banatu dizkie Ertzaintzaren 28. Promozioko 576 gizon-emakumeei

2020.eko uztailak 30

Azken zazpi urteotan, Segurtasun Sailak guztira sei promozio deitu ditu eta 2.450 ertzain-plaza atera ditu

Arkaute, 2020ko uztailak 30

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela banatu zaizkie gaur kredentzialak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian formakuntza-ikastaroa gainditu ondoren Ertzaintzan, 28. Promozioan, sartuko diren 576 gizon-emakumeei; promozioak okil beltza hautatu du enblema gisa. Diplomak banatzeko ekitaldian, lehendakariarekin batera izan dira Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga eta Ana Agirre Segurtasuneko eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak, Malentxo Arruabarrena Arkauteko Akademiako zuzendaria eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria.

 

Guztira 576 pertsonak (402 gizonek eta 174 emakumek, % 30,21ek) jaso dituzte ertzain-kredentzialak Polizia eta Larrialdietako Akademian jaso duten eta aurten koronabirusak eragindako krisiak aldatu duen prestakuntza gainditu ondoren. Egoera horren ondorioz, pandemia garaian, aurreratu egin behar izan ziren herritarren babeserako unitateetan egin beharreko praktikak.  

 

Lehendakaria buru izan duen ekitaldian, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko Sailburuak, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak, Malentxo Aurrabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak eta Segurtasun Saileko beste hainbat kargudun eta polizia-agintarik parte hartu dute.

 

Ekitaldian 28. Promozioko ikasleak, Akademiako kideak eta Segurtasun Saila bakarrik izan dira, eta ez dituzte gonbidatu ez familiartekoak ez kredentzialen banaketan izan ohi diren gainerako ordezkari instituzionalak, aforoak errespetatzearren. Horrez gainera, ikasleei aurretik esleitu zaizkie eserlekuak, eta euren arteko tarteak errespetatu behar izan dituzte eta nahitaezkoa den maskara jantzita izan dute beti.

Promozioak okil beltza aukeratu du bere estandarterako enblema moduan, eta 576 agentek osatzen dute, 402 gizonek eta 174 emakumek. Horietatik 87 arabarrak dira, 344 bizkaitarrak, 118 gipuzkoarrak eta 5 nafarrak, eta batez besteko adina 29 urtekoa da. Era berean, azpimarratu behar da % 86k dutela egiaztatuta hizkuntza-eskakizunen bat (98k B1; 300k B2; eta 96k C1).

 

Promozio honetan puntuaziorik onena izan duten hiru ikasleek eraman dituzte ikurriña, Ertzaintzaren bandera eta 28. Promozioaren estandartea. Oraingoan beste 27 promozioen estandarteak ikasturtean zehar euren taldeen ordezkari eta ordezkariorde izan direnek eraman dituzte.

 

Praktikak osasun-larrialdiko egoeran

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak 2018ko abenduan izenpetu zuen 500 plazako deialdia onartzeko ebazpena, eta 2019ko martxoan plaza-kopurua 700era igo zen. Behin hautaketa eta prestakuntza prozesua amaituta, azkenean 576 pertsonek gainditu dituzte proba guztiak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa. Gainera, aurten Ertzaintzaren 28. Promozioko ertzaingaiek aurreratu egin zuten ertzain-etxeetan egin beharreko praktikaldia, osasun-larrialdiaren ondorioz.

 

Oinarrizko ikastaroan polizia-lanarekin zerikusia duten gai askori buruzko prestakuntza jaso dute ertzaingaiek:

- Arlo Tekniko Profesionala: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema, Ertzaintza eta giza eskubideak, Polizia herritarren zerbitzura, Larrialdiei aurre egiteko jarduerak, Delituzko jokabideak, Bide-segurtasuna sustatzea, Herritarren babesa, Herritarren segurtasuna berrezartzea, Ingurua ezagutzea, Erreminta teknologikoak.

            - Hizkuntza Arloa: Euskara. Hizkuntza-trebetasunak

            - Polizia Esku-hartzearen Arloa: Polizia-babesa; Jaurtigailua, pistola eta eskopeta erabiltzeko teknikak; Polizia-prozedurak, Diziplinarteko ekintzak.

            - Polizia Trebetasunen Arloa: Agirien idazkuntza, Ibilgailuen gidaritza, Gorputz-hezkuntza

Azken 7 urteotan Segurtasun Sailak guztira 6 promozio deitu ditu eta 2.450 ertzain-plaza atera ditu. Berez, azken lau promozioetan handitu egin da deitutako plaza-kopurua, eskaerari erantzuteko eta erretiroen ondorioz izandako bajak betetzeko.