Lehendakariak aktibitateari, determinazioari eta iraunkortasunari eusteko deia egin du, krisi sanitario, ekonomiko, sozial eta emozional honi erantzuteko

2020.eko azaroak 23

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lagunduta, AEFAME Familia Enpresaren Elkartearen Biltzarrean izan da. 

Gaur goizean Bilboko Iberdrola Dorrean ospatu den bileran, Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela familia-enpresaren ezaugarri diren aktibitateari, determinazioari eta iraunkortasunari eustea, gure aurrean dugun krisi sanitario, ekonomiko, sozial eta emozionalari erantzuteko. " Ziurgabetasunaren aurrean aktibitatea, etorkizuneko ikuspegia, ilusioa eta itxaropena mantentzea dira zuen hitzetatik jasotzen dugun ekarpena", adierazi du.

Une konprometitu eta delikatu hauetan, Lehendakariak azpimarratu du garrantzitsua dela familia-enpresaren bereizgarri den espirituari eustea: ekintzailetzarako gaitasuna, errotzea, konpromisoa, epe luzerako ikuspegia, gizarte-erantzukizuna, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza. "Erabaki-une konprometituak bizi ditugu, osasun publikoa bermatu behar dugu eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta enplegua zaindu behar ditugu. Familia enpresen sarea, zuen testigantza, konpromisoa eta ibilbidea konfiantzazko inbertsioa dira gure gizartearentzat ", adierazi du.

Horrela, ziurgabetasun eta zailtasun globaleko une hauetan, lehendakariak familia-enpresaren eredua balioetsi du, eta kolektibo horrek errotzearekin eta gizarte-erantzukizunarekin duen konpromisoari eusteko deia egin du, berrikuntzari eta nazioartekotzeari irekitzearekin batera; baita  lehiakortasunarekin duen konpromisoari ere, epe luzerako bokazioarekin eta enpresaren iraunkortasunarekin batera; eta, azkenik, baita inbertsioarekinduen konpromisoari ere, enplegu-aukeren sorrerarekin batera. "Zoritxarraren aurrean, batu egin behar dugu, eta pandemia honetan ikasitako ikasgaiek familia-enpresaren printzipioekin eta balioekin bat egiten dute", azpimarratu du.