Lehendakariak adierazi du "pertsona" dela politika publikoen ardatza pandemiaren garai hauetan

2020.eko abenduak 03

  • Iñigo Urkulluk hasiera eman dio Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin antolatutako Parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusiboari buruzko jardunaldiari
  • “Osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa, horixe da GUZTION ONDASUN partekatua”, adierazi du

Lehendakariak adierazi du “pertsona” dela politika publikoen ardatza pandemiaren garai hauetan. Iñigo Urkulluk berak eman dio hasiera gaur goizean, telematikoki, Parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusiboari buruzko jardunaldiari. Eusko Jaurlaritzak jardunaldiaren antolaketan parte hartu du, ASLErekin, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearekin eta Europar Batasunarekin batera.

 Azaldu duenez, osasun publikoa eta pertsona bakoitzaren segurtasuna eta ongizatea bermatzea da lehentasuna orain, baita suspertze ekonomikoa eta kalitateko enpleguaren sorkuntza bultzatzearen bidez etorkizuna “aurreratzea” ere. “Osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa, horixe da GUZTION ONDASUN partekatua”, adierazi du.

Lehendakaria, bere hitzaldiaren beste une batean, parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu berri bat inoiz baino neurri handiagoan bultzatzearen alde agertu da. Izan ere, azaldu duenez, “lurraldean ongi errotuta dagoen eta kide guztiak norabide berean lanean dituen enpresa berritzaile, lehiakor eta jasangarri bat ziurtatzen du horrek".

Puntu horretan, Iñigo Urkulluk adierazi du erakunde publikoak parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusibo horrekin bat datozela eta babesten dutela, eta berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak ekonomia sozialeko enpresen garapenekin duen konpromisoa. Horretarako, enpresa horien dimentsioa sendotzera, bazkide berriak hartzera eta enpresen arteko lankidetza eta asoziazionismoa sustatzera bideratutako jarduketak babesten ditu.

Azkenik, lehendakaria pozik agertu da jardunaldiarekin, eta esan du aukera "ezin hobea" dela helburu horietan aurrera egiteko eta lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren "bertsiorik onena" lortzeko.

"Ziur nago gaur, elkarrekin, beste mugarri bat jarriko dugula enpresa-eredu berria bultzatzeko eta euskal gizartearen ongizatea errotzen eta sustatzen jarraitzeko", gaineratu du.