Lehendakaria Covid-19ren modelizazio matematikorako lan-taldearekin batzartu da

2020.eko maiatzak 28

  • BMTF lan-taldea matematikaren ikuspegitik ari da koronabirusaren aurkako eginahalean: Covid-19k Euskadin izan duen bilakaeraren modelizazioak edo ospitaleratze orokorren eta ZIUetako ospitaleratzeen aurreikuspenak eginaz
  • Diziplina anitzeko taldea den heinean, bikaintasun zientifikoko ikerketaren eremutik egiten du bere ekarpena, pandemiaren osasun-kudeaketarako

Iñigo Urkullu Lehendakaria, alboan Osasun sailburu Nekane Murga eta Hezkuntzako Sailburu Cristina Uriarte zituela, BMTF - Basque Modelling Task Force COVID-19 izeneko lan-taldeko arduradunekin batzartu da gaur goizean, Lehendakaritzan. Aipatu taldeak Covid-19aren inguruko modelizazio matematikoak eta estatistikak egiten ditu. Lehendakariak eta sailburuek zuzenean ezagutu ahal izan dute diziplina anitzeko talde zientifiko honek egiten duen lana, hau da, jardunbide onenak identifikatzeko analisiak eta kanpo esperientzien lanak, modelizazioak eta iragarpenak.

Lehendakariak bultzatuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen laguntzaz, 2020ko martxoaren 12an sortu zen lan talde hau, epidemia Euskadin erakusten ari zen bilakaeraren inguruko informazio zientifiko fidagarria izateko premiari erantzuna emateko.

BMTF lan-taldea honako hauek osatzen dute: BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) Bikaintasuneko Ikerketa Zentroko ikertzaileek, UPV/EHU eta Ikerbasqueko ikertzaileek, bai eta osasunaren arloko euskal erakundeetako  adituek ere: Osasun Saila eta Osakidetza (BIOEF eta zenbait ESI).

Bikaintasun zientifikoko ikerketaren eremutik egiten du bere ekarpena BMFT lan-taldeak, Euskadin pairatutako pandemiaren osasun-kudeaketarako. Martxan jarri denetik, BMTF lan-taldeko zientzialariek ondoko gaien azterketan dihardute:

  • Jardunbide hobeak identifikatzeko nazioarteko ereduak eta ekintzak aztertzea eta berrikustea.
  • COVID-19aren dinamikaren modelizazio epidemiologikoa, pandemiaren eragina aztertzeko.
  • Estatistika-ikerketako eta ikerketa operatiboko teknikak ospitaleratzeen, infekzioen eta egokiro erregistratu ez diren kasuen balioespena egiteko.
  • Ikaskuntza automatikoko ikuspegia, ospitaleratze orokorren, hilkortasunaren eta ZIUetako ospitaleratzeen aurreikuspenak egin ahal izateko.

Etorkizunean egin beharreko lanari dagokionez, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak 100.000 euroko ezohiko diru-laguntza eman dio BMTF lan-taldeari. Laguntza horri esker, eragile ezberdinen arteko lankidetza bizirik mantendu eta COVID-19 epidemiak Euskadin izan duen eraginari buruzko ezagutzan sakondu ahal izango da.

Osasun Sailak eta I+G+Brekin lotutako osasun-erakundeek, Osakidetzarekin batera, pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eta ezagutza epidemiologikoa ematen lagunduko dute.

Koronabirusaren aurka borrokan, matematikaren arlotik

BCAM Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak Matematika Aplikatuaren inguruko ikerketak burutzen ditu eta bere gizarte-konpromisoari eta modelizazio matematiko/estatistikoan duen eskarmentuari jarraiki, lankidetza aktiboa mantentzen du arestian aipatutako aditu taldeekin, koronabirusaren aurka matematikaren arlotik borrokatzeko. Bere xede nagusienak ondokoak dira:

  • COVID-19aren aurka aplika daitezkeen modelizazioei inguruko azken bibliografia esanguratsu guztia eta berritasunak aztertzea.
  • Birusak izan duen dinamika modelizatzea, pandemiak izan duen eragin zehatza azaldu ahal izateko.
  • Matematika- eta estatistika-ereduak garatzea, ospitaleratzeak aurreikusteko.

Osasun-krisia hasi zenetik, BCAM zentroak eta BMFT lan-taldea osatzen duten erakunde guztiek beren eskarmentua eta ezagupena administrazioaren esku jarri dituzte, aurreikusitako ospitaleratzeen –eta horien artean larrienak direnak, ZIUetan eginiko ospitaleratzeak- kopuruari buruzko eguneroko informazioa eta balioespenak emateko helburuarekin.

Diziplina anitzeko lan-talde bat da eta Euskaditik eta Italiatik ari da lanean. Nazioartean ospetsu diren zientzialari ugariz osatua dago. Eskarmentu handia dauka denge, ebola eta gripea bezalako infekzio-gaitzen modelatzeari dagokionez eta beste erakunde batzuetako arlo honetako aditu ezberdinekin batera lan egiten du. Lankidetza horri esker, arazoari hainbat ikuspegi zientifiko osagarritatik heldu ahal izan zaio, eta administrazioei informazioa eman zaie erabakiak hartzeko, bai eta ospitaleen egunerokotasunari laguntza eman ere osasun-krisi horren kudeaketan.

Eredu epidemiologikoen (SIR eta hedatzeak), ikerketa operatiboaren eta Gaussen prozesuen bitartez, gaitzaren dinamika deskribatu ahal izan da. EAEn baieztatutako COVID-19ko kasuen kopuruari, ospitaleratze orokorrei, ZIUetako ospitaleratzeei eta hilkortasunari buruz Osakidetzak eskaini dituen datuekin baliozkotu dira emaitzak.

Ildo horretan, Hezkuntza Sailaren mendeko BECAM bikaintasuneko ikerketa-zentroak COVID-19ri buruzko lantalde bat jarri du abian Datuen Zientziaren eta Inteligentzia Artifizialaren ikerketa-arloaren eta Biologiako Modelizazio Matematikoaren arloaren esparruan. Lantalde hau lankidetza estuan ari da UPV/EHUrekin, Ikerbasquerekin eta euskal osasun-erakundeekin.

Osasun Publikoko Zuzendaritzak eta Osakidetzak Zaintza epidemiologikoan eta aurreko pandemien kudeaketan duten esperientziatik eman dute laguntza, adimen artifizialaren eta modelo matematikoen ikuspegitik ebatzi beharreko erronkak berriak modulatu eta planteatzeko zein gogoetak ezartzeko. BIOEFek pandemia hainbat ikuspegi eta testuingurutatik berrikusi eta aztertzeko ekarpena egin du, prestatu diren ereduak definituz eta babestuz, eta deseskalatzean agertokiak modulatuz.