Lehendakari: "Zenbat test azkar jasoko ditugun eta noiz beharrezkoa da jakitea"

2020.eko martxoak 22

  • Lehendakariak Pedro Sánchez presidenteak deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu du

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du, bideokonferentzia bidez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari buruz hitz egiteko deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran

Bileraren baitan Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren ekimenak aurkeztu ditu lehentasunezko bost arloetan: Osasun sistema indartzea; Pertsona eta familia ahulenak babestea; Segurtasuna bermatzea; Enpresa eta autonomoei laguntzea; eta Etxeetatik eskolak mantentzea.

Horretaz gain, hiru izan dira luzatu dituen hausnarketak. Alde batetik “erabatekoa” dela Eusko Jaurlaritzaren prestutasuna laguntza eskaintzeko zein, beharrezkoa denean, laguntza eskatzeko. Adierazi duenez, “Une honetan gure Lehentasuna da osasun profesional gehiago izatea eta osasun materialaren hornikuntza bermatzea”.

Bestetik, Osasun Ministerioak datuak jasotzeko irizpide bakarra ezartzea eskatu egin dio Espainiako Gobernuari.  “Horrela baino ez dugu lortuko Estatuaren egoeraren inguruko egiazko informazioa”, gehitu du. Gainera, mahai gainean jarri du autonomia-erkidegoek zenbat test azkar jasoko dituzten eta noiz jasoko dituzten jakiteko beharra. Orain arte, Euskadin krisia baliabide propioekin kudeatzen ari direla, azpimarratu du.

Bukatzeko,  Europa osoan hartu behar diren erabaki estrategikoak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du eta Europar Batasunaren esparruan jarduteko batasun handiagoa defendatu du.