Lehendakari: "Euskadiren lehentasuna birusari eustea eta hura arintzea da"

2020.eko apirilak 05

  • Lehendakariak Pedro Sánchez presidenteak deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu du
  • Lehendakariak, bere hitzaldian, Euskadiko lehentasunezko jarduera-eremuak partekatu ditu, bai eta "normaltasunera itzultzeko plan" bat modu partekatuan egiteko beharra ere

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du, bideokonferentzia bidez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari buruz hitz egiteko deitu duen erkidegoetako presidenteen bileran.

Lehendakariak Euskadiko egungo egoeraren balantzea eginez ekin dio bere hitzaldiari. Azaldu duenez, kutsaduraren kurbaren bilakaerak, altak ospitaleratzeak baino handiagoak diren ospitale-balantzeak eta ZIU oheen okupazio-erritmoak joera aldaketa positiboa deskribatzen dute

Lehendakariak mahai gainean jarri du “Normaltasunera itzultzeko plan” partekatu bat beharrezkoa dela, konfinamendutik eta jarduerarik ezetik modu mailakatuan irten ahal izateko. Azaldu duenez, zirkulaziorako, garraiorako, enpresak, ikastetxeak eta aisia, kirol-esparruak edo kultura-jardueraren agertokiak eta abar berriro irekitzeko suspertze mailakaturako egoerak aurreratu behar dira. 

Gainera, Lehendakariak Euskadiko lehentasunak azaldu ditu. "Orain lehentasuna birusari eustea eta hura arintzea da. Pandemiaren ondorio gogorrenak jasaten ari diren familiei laguntzea da. Estaldura profesional sozio-sanitarioa indartzea da. Adineko pertsonak eta ahulenak artatzea da".