Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren eta SOS Deiak zerbitzuaren instalazioak bisitatu ditu Bilbon

Argitalpen-data: 

Irekia_2.jpg

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren eta SOS Deiak zerbitzuaren instalazioak bisitatu ditu gaur arratsaldean Bilboko Txurdinaga auzoan. Bisitan Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren arduradunekin elkartu da, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan du bi zentroen funtzionamendua.
Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak instalazio horietara egin duen lehenengo bisita horretan Trafikoko zuzendari Sonia Díaz De Corcuerarekin eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituarekin elkartu da.
Horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren eta Trafiko Zuzendaritzaren arduradunak ere bertan izan dira hainbat azalpen emateko, besteak beste, José Ignacio Trancho, SOS Deiak zerbitzuaren burua; Gaizka Etxabe, Esku Hartzeko Atalaren burua; eta Jon Aizpurua, Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren burua.
Zerbitzu horien arduradunekin egindako bileraren ostean Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren aurkezpen-bideoa proiektatu da, egitura eta funtzionamendua ezagutzeko. Era berean, 112ra egiten diren deiak artatzen dituen eta komunikazio horien erantzunak koordinatzen dituen SOS Deiak zerbitzuaren operazio-gelak ere bisitatu ditu. Bestalde, Trafikoa Kudeatzeko Zentroko operazio-gela ere ezagutu du. Gela horretan trafikoaren egoera kontrolatzen duten langileak egoten dira, eta antzeko beste zentro batzuekin koordinatzen da eta herritarrei informazioa helarazten die 011 telefono-zenbakiaren bidez.