Lanbidek zehatz-mehatz betetzen du covid-19 kasu posibleen aurrean jarduteko protokoloa

Lanbide_negro_gr.png

2020.eko uztailak 22

  • Eusko Jaurlaritzak bermatu egiten du Lanbideren bulegoetako erabiltzaile eta langileen segurtasuna
  • Euskal Enplegu Zerbitzuak positibo aktibo bakarra du bere plantillan, baina zenbait pertsona isolatuta daude, harremanetan egon baitira birusa izateko arriskua duten pertsonekin
  • Aste honetako asteartean, Getxoko bulegoko langile batek sintoma bateragarriak izan ditu, eta isolatu egin da, beste lankide batekin batera, nahiz eta egin zaien PCRa negatiboa izan den

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua covid-19-aren aurreko prebentzio- eta detekzio-neurrien eta neurri aringarrien barneko protokolo zorrotza betetzen ari da. Azken egunotan, hamabost bat pertsona isolatu dira, baina pertsona bakarrak eman du covid-19-agatik positibo, erakundeko mila langile baino gehiagoren artean. Getxoko bulegoko langile bat da; pasa den astean konfinatu zuten, beste zazpi lankiderekin batera. Gainerakoak sintomatologia duten pertsonekin harremanetan egon dira, edo, aldi berean, koronabirusagatik positibo eman duten pertsonekin egon dira harremanetan. Getxoko bulegoan prebentzio modura isolatutako pertsonak kenduta, gainerako harreman posibleak ez dira Lanbideren bulegoetan gertatu; izan ere, pertsona horien familia-inguruneetatik datoz.

Astearte honetan, Getxoko bulegoko beste langile bat, lehenengoarekin harreman esturik izan gabe (harengatik isolatu ziren pasa den astean zazpi pertsona, prebentzio modura), covid-19-arekin bateragarriak izan zitezkeen sintomak nabaritzen hasi zen. Hori dela eta, pertsona hori eta berarekin harremana izan duen beste lankide bat isolatu egin ziren, PCR proben zain. Hala, Getxoko bulegoan 10 pertsona isolatu ziren, guztira. Baina azken gaixo posible horrek negatibo eman du; beraz, Getxoko bulegoan positibo bakarra erregistratu da, pasa den astekoa. Atzotik prebentzio modura isolatu ziren bi pertsona horiek lanpostura bueltatuko dira.

Modu berean, pasa den astean bulego horretan bertan prebentzio-neurri gisa isolatu ziren zazpi pertsonak (nahiz eta bik baino ez zuten izan infektatutarekin harremana) bigarren PCR proba egiteko zain daude; bihar egingo zaie, ostegunean. Lehenengoan guztiek eman zuten negatibo, eta pertsona horietako batek ere ez du sintomatologiarik izan. Berriz negatibo emanez gero, beren lanpostuetara bueltatuko dira, normaltasunez.

Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradunek Getxoko bulegoan bigarren positibo faltsuari buruz zabaldu diren gezurrak ukatu dituzte, eta langile eta erabiltzaileen beldurrarekin eta osasunarekin jolasean ibiltzeko ahalegina salatu dute, are gehiago ezjakintasun egoera horrek Lanbideren lanbide-zerbitzuak behar dituzten gizarte-kolektibo kalteberetan eragina izan dezakeelako.

Gogorarazi behar da Lanbideren lan-osasuneko prebentzio-zerbitzuak kasu bakoitza aztertu duela, bai eta Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetako prebentzio-neurriak ere. Egiaztatu da, beraz, hartutako neurriak egokiak direla, besteak beste: manpara banatzaileak jartzea, erabilitako metakrilatoak edo bi gel-euskarriak. Ekintza horiek indarrean jarraitzen dute, aurretiko hitzorduaren zerbitzuarekin batera; horren bidez, jende-pilaketak ekiditen dira bulegoetan.

Garbitasuna dela eta, Lanbidek jarraitzen du neurriak sendotzen, eta egunero bulego guztiak desinfektatzen dira, eta arreta berezia eskaintzen zaie covid-19-aren eraginpean egon daitezkeen pertsonekin harreman eduki ahal izan duten pertsonek erabilitako lanpostuei.