LABIk neurri berriak hartu ditu Urtezahar eta Urteberri inguruko murrizketak areagotzeko  

2020.eko abenduak 22

 

  • Urtezaharreko eta Urteberriko ospakizunetan gehienez ere sei pertsona egongo dira. Konfinamendu perimetralaren altxamendua abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean mugatzen da.
  • Kanpinek ezin izango dute bezerorik onartu abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean. Debekatuta dago hoteletan edo nekazaritza-turismoetan kotiloiak edo antzeko ospakizunak antolatzea.
  • -24, 25 eta 31n, eta 1, 5 eta 6an, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak 18:00etan itxi beharko dira, eta 25, 1 eta 6an ezin izango dira ireki 9:00ak baino lehen.
  • Gabon gauean nahiz gau zaharrean gaueko mugikortasunaren muga 00:30era aurreratzen da.

Azaroaren hasieratik, Euskadin 14 egunetako intzidentzia-tasa nabarmen murriztea lortu dugu. 850etik 280ra igaro gara 100.000 biztanleko. 5. mailako Agertokitik 3. mailako Agertokira jaitsi gara, Hala ere, datuek ez dute inolako erlaxaziorik ahalbidetzen.

Euskadiko egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboak kalteberatasun handiko aldi bati aurre egin behar dio datozen asteetan, bi arrazoirengatik. Alde batetik, Gabonetako ospakizunekin lotuta, errotuta dauden mugitzeko eta familia eta gizartea elkartzeko ohiturengatik. Bestalde, pandemiak goranzko bilakaera izan du gure inguruko herrialdeetan eta komunitateetan, eta birusaren andui berri bat identifikatu da Erresuma Batuan.

Gogoeten esparru horretan, bai LABIren Batzorde Teknikoak bai LABIren Aholku Batzordeak abenduaren 10eko Dekretuan aurreikusitako neurriak doitzeko proposamena onartu dugu. Urte amaierari lotutako ospakizun motak eragindako kezkak markatzen du doikuntza hori.

Urtezahar eta Urteberri inguruan murrizketa handiagoa egitea planteatzen da, ospakizun horien ezaugarria euste-maila txikiagoa eta interakzio sozial handiagoa baita.

Zehazki, hauek dira bihar argitaratuko den eta abenduaren 24ko 00:00etan indarrean jarriko den Dekretuan jasoko diren neurriak:

  1. Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, zirkulazio-muga 00:30ean ezarriko da. Helburua da pertsonen bilkuretarako denbora eta mugikortasunerako ordutegiak ahalik eta gehien mugatzea.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean altxatuko da. Urte amaieraren inguruko murrizketak areagotu egin dira, ospakizun honen inguruko mugikortasuna ahal den neurrian saihesteko.
  3. Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak sei lagunetik gorakoak ez izatera baldintzatuta egongo dira. Gabon-gauean hain murriztailea ez den eredu bat aplikatzen dugu, arrisku handiagoko gizarte- eta familia-interakzioak saihesteko.
  4. Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6rako, mota guztietako merkataritza, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak 18:00etan ixtea, farmazien, zerbitzuguneen eta gasolindegien kasuan izan ezik. Egun horietako azken orduko erosketetan pilaketak saihestu nahi ditugu, baita egun horietako azken orduetako tabernetako jende pilaketa tradizionalak ere.
  5. Abenduaren 25erako eta urtarrilaren 1erako eta 6rako zehaztea merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki. Etxetako jaien balizko luzapena 06:00etako establezimenduen irekierarekin konektatzea saihesten saiatzen gara.
  6. 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinen kasuan, debekatuta egongo da abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea. Urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman dira, bungalowak eta kanpinekin lotutako beste zerbitzu batzuk alokatuz. Praktika hori prebenitzen saiatzen ari gara.
  7. Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31ean eta 2021eko urtarrilaren 1, 5 eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago izan, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.

Hotelak, landetxeak eta turismo-ostatuak beren etxeetan gizarte osoarentzat ezarritako mugak gainditzen dituzten ospakizunetarako erabili ahal izatea saihestu nahi da.

Mezu oroigarriak

Neurri horien iragarpenarekin bat etorriz, LABIk garrantzi bereziko hiru mezu oroigarri azpimarratzea erabaki du:

  • Elikagaiak eta edariak irensten direnean izan ezik, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan maskara erabiltzea nahitaezkoa da uneoro. Establezimendu horietan maskararen erabileran erlaxazioa antzeman da berriz ere. Gogorarazi behar da, tabakoaren kea birusaren transmisio-eragilea dela, batez ere maskararik eta distantziarik gabe pertsonak biltzen diren testuinguruetan.
  • Ezin da zutik jan edo edan ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetako barrualdean eta terrazetan. Era berean, ez da jan edo edan behar establezimendu horien inguruetan. Era berean, ezin da kontsumitu gozokirik edo freskagarririk hauek saltzen diren establezimenduen inguruetan. Berriz ere hauteman dira jokabide arriskutsuak, hala nola zutik eta maskararik gabe kontsumitzea lokal horien barrenean, terrazetan edo inguruetan.
  • Agintaritza eskudunei eta gizarte- eta kultura-erakundeei dei egitea Olentzero-Mari Domingi eta Erregeekin lotuta ezarritako mugak zorrotz betetzen direla zaintzeko, eta bereziki gainbegiratzeko aglomerazioak sor ditzaketen ekitaldi horietan edo beste batzuetan prebentzio-neurriak zorrotz betetzen direla. Herritarren eta erakunde guztien erantzukizuna da edozein arrisku-testuingururen aurrean arreta handiz jardutea.