Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskaraldian parte hartuko du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean Euskaraldia abiatzeko dena prest dago. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala bihartik, azaroaren 20tik, abenduaren 4ra bitartean egingo da. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailean guztira 8 Arigune sortu dira, Lakuako, Bilboko (Euskadiko Artxibo Historikoa) eta Getxoko (Fadura) egoitzetan. Eusko Jaurlaritzan guztira 170 baino gehiago dira.

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” euskaraz hitz egiteko gonbitea egin eta Euskaraldian izena emateko aukera oraindik ere badagoela gogorarazi dute Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kideek. Honakoak dira Ahobizi edo Belarriprest moduan izena emateko bideak:

  • euskaraldia.eus webgunearen bidez. Gainera, ariguneak antolatu dituzten hainbat entitatek izena emateko sarbide propioa dute beraien kideentzat, ariguneetan parte hartzen duten ahobizi eta belarriprestentzat.
  • Herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan.
  • Telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazioaren bidez.