Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera (Gobernu Bilera 2020-06-23)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 23

  • Iaz, 24 ikus-entzunezko proiekturi eman zitzaien babes ekonomikoa diru-laguntza lerro honen bidez

Eusko Jaurlaritzak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera, gaur onartu duen diru-laguntza deialdiaren bidez. Gobernu Kontseiluak bere gaurko bileran onartu du deialdi hau, eta iaz bezala lau modalitate izango ditu. Pasa den urtean 24 ikus-entzunezko proiekturi eman zitzaien babesa ekonomikoa laguntza hauen bidez.

Deialdi hau ikus-entzunezkoak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak duen lerro nagusietako bat da. Honakoak dira deialdiak jasotako lau modalitateak:

  • Fikziozko film luzeak.
  • Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak.
  • Sorkuntzako dokumentalak.
  • Film laburren ekoizpena.

Iaz, lehenengo modalitatearen bidez 1.606.824 euro banatu ziren, eta ikus-entzunezko bost proiektu babestu ziren, 269.194 eta 350.000 euro bitarteko laguntzak eskainiz. Todas las lunas/Ilargi guztiak (Ilargi Films); Irati (Ikusgarria Films); eta Nora (Gariza Produkzioak) deialdi honen bitartez babestu ziren proiektuen artean daude.

Bigarren modalitatea, Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeei zuzenduta dago, eta 209.976 eurokoa aurrekontua izan zuen iaz. Modalitate honen bitartez bi diru-laguntza eskaini ziren, Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas eta Deviant lanentzat (biak Amania Films-enak dira). Hirugarrenik, 2019. urtean 282.200 euro bideratu ziren ‘Sorkuntzako dokumentalak’ izeneko modalitatera, eta 24.000 eta 60.000 euro bitarteko 6 diru-laguntza eman ziren. Honako hauek izan ziren diruz lagundutako proiektuetako batzuk: Arzak since 1897; (Bainet Teknika); El viaje más largo (Dibulitoon); eta Itoiz (Doxa Producciones).

Azkenik, film laburren modalitateetan 5.835 eta 20.000 euro bitarteko 11 diru-laguntza eman ziren (modalitate honek 160.000 euroko aurrekontua du). Puzzleak (Komiki Films); Heltzear (Irusoin) eta Polvo Somos (Sirimiri Films) izan ziren diruz lagundutako zenbait proiektu.

Laguntza-lerro honez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuak garatzera bideratutako deialdi bat du. Horren helburua da garatzen diren ekoizpenen prestakuntza eta diseinua bultzatzea, ekoizpen-fasearen aurretik egindako lanei erreparatuz. Deialdi horretara 300.000 euro bideratzen dira urtero. Halaber, kultura-sorkuntzarako laguntzen deialdiak zinema-gidoiak sortzeko modalitate bat du, eta 104.000 euro bideratzen dira horretara urtero. Horrela, hiru lerro horien bidez, Eusko Jaurlaritzak 2.664.000 euro bideratzen ditu urtero ikus-entzunezkoa bultzatzera diru-laguntza irekien bidez.

Ikus-entzunezkora bideratutako diru-laguntzak nabarmen hazi dira legealdia hasi denetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntzen aurrekontua % 35 igotzea erabaki baitzuen. Hiru laguntza-lerro horiez gain, EiTBk 5 milioi inguru bideratzen ditu urtero zinemagintza eta, oro har, Euskadiko ikus-entzunezkoak bultzatzera. Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baditu euskal ikus-entzunezkoa indartzea helburua duten bestelako proiektuak, hala nola, Noka Mentoring edo Kimuak.