Kontsumobidek Dentix-en itxierak kaltetutako pertsonentzako konponbideak aztertu ditu finantza-erakundeekin egindako elkarrizketa-erronda batean.

y10-logo-kontsumobide.png

2020.eko abenduak 04

Kontsumoko Euskal Institutuak bilera-erronda bat egin du kontsumitzaileekin kliniken tratamenduak finantzatzeko kontratuak sinatu dituzten finantza-erakundeekin. Bilera horien helburua hortz-kliniken sarearen azaroaren 13ko itxierak kaltetutako ehunka pertsonentzako konponbide bat bilatzea izan da.

Dentix enpresak eskatu duen eta Madrilgo 2. zenbakiko merkataritza-arloko epaitegiak deklaratu duen hartzekodunen konkurtsoak ehunka pertsona hartu ditu eraginpean Euskadin, hortzetako tratamenduak eten egin baitzaizkie. Kasu askotan, tratamendu horiek finantzatutako zerbitzuarekiko zuzeneko lotura baten edo mailegu pertsonalen bidez finantzatu dira. Tratamenduak eteteak hortzen osasun-arazoak sor ditzake, baina, horrez gain, pertsona batzuei etenda dagoen tratamendu baten kuotak ordaintzeko eskatzen ari zaie.

Bilera horien helburua, azpimarratu denez, alderdi guztientzat onuragarriak izango diren adiskidetasunezko konponbideak bilatzea izan da. Kontsumobidek jarrera ona ikusi du berarekin bildu diren finantza-erakundeen aldetik. Erakunde horiek, oro har, hainbat aukera eskaintzen ari zaizkie bezeroei. Horren aurrean, kaltetutako pertsonek kobrantzak geldiarazteko edota finantzaketa-kontratua ezerezteko eskaera aurkeztu ahal izango dute finantza-erakundeetan. Finantzaketa ezereztu nahi izanez gero, odontologo kolegiatu batek tratamenduaren egoera baloratzeko egindako txostena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, baita Dentix-en hasierako aurrekontua ere.

Euskadin, orain arte, 736 erreklamazio jaso dira guztira kontsumitzaileak babesteko erakundeetan, hots, kontsumitzaileen elkarteetan, KIUBetan eta Kontsumobiden.