Josu Erkoreka: "Uztailaren 12an osasun berme guztiekin joango gara botoa ematera"

2020.eko maiatzak 19

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote gaur Radio Euskadi-ko “Boulevard” saioan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du uztailaren 12an "osasun berme guztiekin" joango garela botoa ematera, eta horretarako Segurtasun Sailak azterketa sakona egin duela eta prebentzio neurriak biltzen dituen plana osatu duela. Josu Erkorekak adierazi duenez, botoa emateko baldintzarik onenak uztailean egongo dira, eta botoa ematerik ez balego, udazkeneko aukera geratzen da beti: "arduratsua eta kontsekuentea da orain bozkatzea".

Bozeramaileak gaineratu duenez, "eragile politikook pedagogia egin behar dugu, eta herritarrei ikusarazi behar diegu orain, bizitzen ari garena bezalako egoeretan, politikarekin inplikatu eta konprometitu behar garela", eta gaineratu du "une erabakigarrian" gaudela, "oso delikatua gure bizitzetan, erronka oso garrantzitsuekin, eta gizarteak iritzia eman behar duela eta agintariak aukeratu behar dituela".

Hauteskunde kanpainaren iraupenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi du legeak 15 eguneko iraupena ezartzen duela, baina, murriztu nahi izanez gero, alderdi politikoek adostu behar dutela. "Botoa eskatzeko ekintzak murriztu egin daitezke alderdien konbentzio eta konpromiso bidez".

Josu Erkorekak gogorarazi du hauteskundeen data ez dela hitzartu Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentearekin, baina onartu du azken aldian Lehendakariak elkarrizketak izan dituela berarekin. Hala ere, Bozeramaileak berretsi du ez dela inolako itunik egon hauteskundeen data zehazteko.

2. FASEA

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak adierazi duenez, "Euskadi astelehenean, hilak 25, '2. fasera' igaroko den itxaropen sendoa eta oinarritua dugu". Erkorekak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak dokumentazio osoa aurkeztu du, eta "uste dugu maila gaindituko dugula". Bozeramaileak gaineratu du aparteko albistea izango litzatekeela herritarrentzat, eta fasea gainditzeak urratsak sendotasunez aurrera egitea ahalbidetuko duela.