Josu Erkoreka: "Lehendakariak Ministerio berrien arduradunekin komunikazio-bideak zabaltzeko eskatu digu"

2020.eko urtarrilak 14

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazi duenez, gaur, Estatuko legealdi berriko lehen Ministro Kontseilua egin ondoren, aro berri bat ireki da, non, lehen aldiz, koalizio-gobernua eratu den. Josu Erkorekak positiboki baloratu du ezberdinen arteko elkarrizketan, negoziazioan eta ituneanoinarritutako garai berri hau. Aro berri honi bergira, Erkoreka sailburuak jakitera eman du, lehendakariak ministerio berrietan dauden pertsonekin komunikabide bat ireki dezatela eskatu diela sailburuei.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gauzatzeke dauden konpromiso eta erronkei heltzeko beharra agerian utzi du. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren jarrera lehen unetik positiboa eta eraikitzailea izango dela nabarmendu du. “Luze gabe heldu nahi diegu gauzatzeke gabe dauden gai sektorial guztiei, eta lehentasunak zehaztu nahi ditugu presidente berriarekin egingo dugun lehen bilerari begira”, adierazi du.

Gauzatzeke dauden konpromisoi dagokienez, Bozeramaileak nabarmendu du, Espainiako Gobernuak duela ia urtebete, 2019ko urtarrilaren 22an, onartu zituen eta gauzatzeke dauden transferentzien egutegian eta planean aurrera egitea dela lehentasunezko gaietako bat. Ildo horretatik, aste honetan bertan Carolina Darias Lurralde Politikako ministro berriarekin harremanetan jarriko dela jakinarazi du, lan-programa eguneratzea ahalbidetuko duen lehen bilera bat eskatzeko, gauzatzeke dauden transferentziak burutzea helburu dela.

Josu Erkorekak gogorarazi duenez, Pedro Sanchezek berak lehendakariarekin izandako lehen elkarrizketan adierazi zuen Gernikako Estatutua osatzea lehentasunezko helburua dela 2020. urte honetarako. “Egindako lanak eta bi aldeek adierazitako borondate politikoak Gernikako Estatutua bere osotasunean betetzeko helburuan aurrera egitea ahalbidetuko digutela espero dugu”, adierazi du. Hala, nabarmendu du aintzatetsitako autogobernua elkarrizketaren, negoziazioaren eta hitzarmenaren bidez burutzea albiste ona izango litzatekeela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra berrikustea

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorrean aurreikusitako plangintza berrikustea erabaki duela.Sailburuak azaldu duenez, jokoaren sektore sozioekonomikoari eta jokoaren pertzepzio sozialari buruz Jokoaren Euskal Behatokiak egindako azterlanetan oinarrituko da berrikuspena.

Era berean, Beltrán de Herediak jakinarazi duenez, berrikuspenaren araudia tramitatu eta onartu bitartean, Gobernu Kontseiluak erabaki du geldiaraztea Euskal Autonomia Erkidegoan joko-lokalak instalatzeko eta funtzionatzeko baimenen tramitazioa eta emakida, edo horien aldaketak, lokalaren azalera handitzea ez dakarten obrekin lotutakoak izan ezik, baita joko-makinak ustiatzeko baimen berrien emakida etetea ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena