Josu Erkoreka: "Garrantzitsua da Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren transferentzia borondate erreal eta leialarekin jorratzea orain"

Irekia__2_.jpg

2020.eko urtarrilak 08

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatu dute. Bertan, gaurkotasun politikoaz hitz egin du,hala nola Pedro Sanchezen inbestidura eta Gobernu berriaren eraketa eta egiteke dauden transferentziak eta Gernikako Estatutua betetzea.

Gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, inbestidurari eta Gobernu berriaren eraketari buruz, Espainiako Gobernuari eskatu dio lehenbailehen lanean hasteko Euskadin pilatuta dauden gaiei erantzuna eman ahal izateko. Sailburuak esan du euskal arazoarekiko sentikorra den eta euskal agenda akordiorako borondatearekin jorratzeko interesa duen Gobernua interesatzen zaiola Eusko Jaurlaritzari. Egiteke dauden gaien artean, Josu Erkorekak transferentziak nabarmendu ditu; eta gogorarazi du Espainiako Gobernuaren konpromisoa dela Gernikako Estatutua modu ordenatuan eta sistematikoan jorratzea. "Posible da Gernikako Estatutuaren eskumen guztiak transferitzea 2020an", gaineratu du.

Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren transferentziari dagokionez, Erkoreka sailburuak adierazi du beharrezkoa dela mekanismo bat sortzea euskal erakundeek Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoan parte har dezaten. Horren harira, azaldu du eskumen hori Estatutuan dagoela, lehentasunezkoa dela Gobernu honentzat, eta inbestidura itunaren parte dela. "Garrantzitsua da orain borondate erreal eta leialarekin heltzea", adierazi du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du Gernikako Estatutua osatzea eta Estatutu berri batean lan egitea bateragarriak direla. "Lan bide paraleloak dira", adierazi du. Hala ere, Estatutu berria egon arte, aurrera egiten ari den arren, Gernikako Estatutua betetzeko ahalegina egin behar dela azpimarratu du.