Josu Erkoreka: "Ez dut uste Zaldibarko hondakinak kudeatzeko arazorik egongo denik"

2020.eko otsailak 26

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko “Faktoria’” saioan. Bertan, aktualitate politikoaz aritu da Erkoreka.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur goizean Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan, Zaldibarko jardueren jarraipenaren inguruan, adierazi du erronka nagusia, hasieratik izan den bezala, desagertutako bi pertsonak aurkitzea dela. Zentzu honetan, mendi magala egonkorragoa denez bilaketa lanetan indarrak areagotzeko unea dela esan du. Zehazki, atzoko erakunde arteko koordinazio-bilerari buruz, Josu Erkorekak Batzorde Teknikoan egindako lanaren balorazio positiboa aipatu du. Gainera, jakinarazi du hemendik aurrera Segurtasun eta Ingurumen sailek bideratuko dutela koordinazioa beti ere inguruko udalekin etengabeko komunikazioa mantenduz. Bestalde, Erkoreka sailburuak esan du ez duela uste Zadibarko hondakinak kudeatzeko arazorik egongo denik, “Euskadin edo inguruko Autonomia Erkidegoetan dauden zabortegien borondatezko ekarpena nahiko izango”,  gaineratu du.

Beste alde batetik, koronabirusaren inguruan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du neurriak hartu behar direla baina ez dela alarmarik sortu behar. Erkorekak ezinbestekoa ez bada arrisku eremuetara ez bidaiatzeko gomendioa eman du. Gainera, azpimarratu du erakundeen arteko koordinazioa ona dela. “Komunikazio eta estrategiak partekatzen ditugu”, gaineratu du.

Era berean, egiteke dauden transferentziei dagokienez, Lurralde Politikako Ministroarekin izandako bileran borondate argia erakutsi zela nabarmendu du. Gainera, azpimarratu du Gizarte Segurantzaren arloko konpromisoa ere hartu zela. “Lehenengoz idatziz jarri dute”, gaineratu du. Espetxe eskumenari dagokionez, Bozeramaileak esan du eskumenaren eredua Kataluniakoaren antzerakoa izango dela; eta gaineratu du Legea estatuaren esku dagoenez, Euskadiri lege hori aplikatzea dagokiola, helburua birgizarteratzea delarik.