Josu Erkoreka: "Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi ditu herritarren gehiengo handi batek erakutsi duen konfiantzagatik, azken lau urteotan eginiko lanari erakutsitako babesagatik"

2020.eko uztailak 14

  • Zorionak eman dizkie euskal herritarrei, “jarrera eredugarria izan baitzuten hauteskunde-egunean” eta Osasun Publikoaren jarraibideak bete baitzituzten

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin  eta Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak gaur Gobernu Kontseiluak partekatu dituen uztailaren 12ko –igandea– euskal hauteskundeen analisiaren eta balorazioaren berri eman du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du kanpaina eta hauteskunde-eguna normaltasun osoz igaro direla, inolako gorabeherarik gabe. Hori horrela nabarmendu du Segurtasun eta Osasun sailek osasun- eta segurtasun-berme osoekin bozkatzeko abian izan zuten operatiboa arrakastatsua izan zela. “Hauteslekuetan lan egin zuten pertsonek eta botoa ematera joan zirenek berme guztiekin egin zuten”, esan du.

Era berean, zorionak eman dizkie euskal herritarrei, jarrera eredugarria izan baitute eta Osasun Publikoaren jarraibideak bete baitituzte. “Bozkatzera joan zirenek maskara eraman zuten jantzita, eta distantziak gorde zituzten; eta herritar gehienek hautetsontzietara boto-paperak etxetik prest eraman zituzten”, esan du.

Erkoreka sailburuak, halaber, euskal herritarrek hauteskundeetan izan duten parte-hartzea nabarmendu du, eta esan du % 53ko partaidetzak erakusten duela azken hilotan Covid-19-aren ondorioz bizi dugun egoera zaila. “Garrantzitsuena da herritarrek beren erabakia askatasun osoz hartu dutela, bai botoa ematera joan zirenek, bai ez joatea erabaki zutenek”, esan du.

Bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eskerrak eman ditu “herritarren gehiengo handi batek erakutsi duen konfiantzagatik, azken lau urteotan eginiko lanari erakutsitako babesagatik”, eta esan du Gobernuaren konpromisoa dela betearazpen-eginkizunarekin jarraitzea eta denbora-tarte laburrenean erabakiak hartzea.

Eginkizun eta erabaki horien artean, honako hauek aipatu ditu, besteak beste:

  • Egoera berrira egokitzen diren eta datorren urtea onetsitako aurrekontuarekin hasteko aukera emango duten ekonomia- eta aurrekontu-jarraibideetan aurrera egitea. “Helburu partekatua da herritarrentzako funtsezko zerbitzuak eta gizarte-kohesioa bermatzea”, esan du.
  • Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Plana adostea euskal erakunde guztiekin. Ekonomia- eta gizarte-eragileekin lankidetzan jarduteko aukera ematen duen plana, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzen laguntzea helburu dituena.
  • Ahalegin guztia euskal gizartearen eta Gobernuaren helburu nagusian zentratzea: langabezia-tasa berriz ere % 10etik beherakoa izatea. “Enplegua gizarte-politikarik onena da”, esan du.

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Saretik ikerketa eta garapena sustatzeko programa garrantzitsu bat onetsi duela. Emaitek Plus 2020 laguntzen deialdia baimentzea onartu da. Emaitek Plus Basque Research and Technology Aliance (BRTA) aliantzako zentro teknologiko multifokalizatuen eta ikerkuntza kooperatiborako zentroen jarduera ez-ekonomikoa bultzatzeko urteko programa da.

KORONABIRUSARI BURUZKO DATUAK

Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak Euskadik koronabirusaren inguruan bizi duen egoerari buruzko azken datuen berri eman du.

Prentsa-txostena