Josu Erkoreka eta Carolina Darias bideokonferentziaz bildu dira Covid-19ren krisiaren ondorioz atzeratutako gai komunen agendari berriro ekiteko

2020.eko maiatzak 25

  • Hurrengo bilera sektorial batean aztertuko diren Funtzio Publikoko gaiak prestatzen ari dira. Bilera horretan autonomia-erkidego guztiek parte hartuko dute
  • Bi gobernuek egiteke dauden transferentzien egutegiari berrekingo diote, eta Transferentzien Batzorde Misto presentziala egingo dute Euskadi 3. fasera igarotzen denean 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak bilera egin dute, gaur, bideokonferentziaz, bi gobernuen arteko gai sektorial komunen agendari berriz ekiteko. Osasun-larrialdiko egoera eta alarma-egoera deklaratu zirenetik egin den lehen lan-bilera izan da; izan ere, kudeaketa partekatutako gaien inguruko negoziazioen agendak atzeratu behar izan zituzten biek.

Gaurko bileran, batez ere, Funtzio Publikoaren kudeaketarekin lotutako gaiak jorratu dira, gai horri buruzko hurrengo Konferentzia Sektoriala egiteko. Bertan, autonomia-erkidego guztiek parte hartuko dute.

AUTOGOBERNUA

Gainera, Eusko Jaurlaritzak proposatu bezala, joan den otsailaren 20ko bileran, Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak Euskadira egindako bisita instituzionalean adostutako transferentzien kronograman aurrera egiteko lanari ekitea erabaki dute. Ildo horretan, Carolina Dariasek eta Josu Erkorekak adostu dute lan-taldeak aktibatzea, Gernikako Estatutua osatzeko egin gabe dauden transferentzien egutegia eguneratzeko, eta Transferentzien Batzorde Misto bat egitea Euskadi 3. fasera igarotzen denean. Batzordearen bilera presentziala izango da, adostuta zeuden hiru gaiekin:

  • Farmazia-produktuei buruzko legeria
  • Eskola-asegurua
  • Enplegu-erregulazioko espedienteek eragindako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzak.

LANTALDEAK

Gaurko bileran, ministroaz eta sailburuaz gainera, honako hauek ere parte hartu dute:

  • Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak:
    • Sabino Torre, Araubide Juridikoaren sailburuordea.
    • Andrés Zearreta, Funtzio Publikoko sailburuordea.
    • Tatiana González, Kabinete zuzendaria.
  • Espainiako Gobernuaren ordezkariak:
    • Francisco Hernández, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko estatu-idazkaria.
    • Javier Rueda, Funtzio Publikoko idazkari nagusia.
    • José Moya, Kabinete zuzendaria.