Joseba Agirreazkuenaga historialariarentzat 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria

2020.eko martxoak 11

  • Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga Historia Garaikideko katedraduna da UPV/EHUn
  • Epaimahaiak Agirreazkuenagaren dibulgazio-lan garrantzitsua nabarmendu du, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari transferitzea.

2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga Historia Garaikideko katedradunak jasoko du, epaimahaiak hala erabakita. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko lau ikerlarik osatutako epaimahaiak Agirreazkuenaga irakaslearen aldeko ebazpena jakinarazi du, 24. edizio honetan aurkeztutako hautagai guztien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak telefonoz hitz egin du duela minutu gutxi sarituarekin, eta zuzenean ezagutarazi dio erabakia.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga, (Bilbo, 1953) Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bertan aritu da irakasle eta ikertzaile 1980tik. Agirreazkuenaga irakasleak 1972an hasi zuen bere ikerketa jarduera, Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Bere doktore tesi zuzendaria Julio Caro Baroja izan zuen. 1988tik ikerketa-talde bat zuzentzen du. Gaur egun 17 ikertzailek osatzen dute, eta euskal historiografia garaikidea berrikusten eta berritzen lagundu duten emaitzak dituen ikerketa-kontzeptu bat aplikatzen du, baita hainbat ikerketa-ildotako ezagutzaren aurrerapena ere; horien artean nabarmentzen dira: foru-ogasunak, legebiltzarrak eta ordezkaritza-batzarrak, biografiak eta hiztegi biografikoak, memoria historikoa eta publikoa eta euskararen historia soziala. Bere ikerketa-lanaren emaitzek euskaldunen historia orokorra sakon berritzen lagundu dute, ikuspegi orokor eta metodologikoki eguneratu batetik.

Era berean, Joseba Agirreazkuenagaren lanean transferentzia zientifikorako hainbat ikerketa-egitura sortu izana ere nabarmentzekoa da, hala nola Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, Bidebarrieta Kulturgunearen kudeaketa eta sorrera, edo bere ikerketa-arloarekin lotutako hainbat aldizkari eta entziklopedia sortzea.

Agirreazkuenagaren ikerketa ibilbide luzean azpimarratzekoak dira bere ikerketa historikoak, euskaldunen kasua eta euren historia ikuspegi orokor eta konparatibo batean aztertuz. Ekarpen metodologiko eta teorikoak egin dizkio biografien azterketari hiztegi biografikoen esparruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritza Batzarren eta Legebiltzarren izaera eta historia nazioarteko foro eta ikerketa-sareetan kokatu ditu, eta horrek euskal historiografia nazioartean zabaltzen lagundu du.

2019ko Euskadi Ikerketa Sariaren epaimahaiak honako hauek nabarmendu ditu Joseba Agirreazkuenaga Zigorragan: bere ikerketa- eta irakaskuntza-ibilbidea, interes historiografikoen zabaltasuna, haren argitalpen ugarien kalitatea, dibulgazio-lan garrantzitsua, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari transferitzea.

Epaimahaia

Euskadi Ikerkuntza Sariaren epaimahaia Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako hainbat arlotan ibilbide luzea egindako lau ikertzailek osatu dute aurten ere. Honako hauek dira:

Presidente:

  • Teresa Cabré i Castellví, Pompeu Fabra Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Terminologiako katedraduna. Egun, unibertsitate horretako Institut Universitari de Lingüística Aplicada zuzentzen du. Era berean, Kataluniako Ikerketa Planaren baitako Hizkuntz Ingeniaritzako Erreferentzia Zentroko (CREL) zuzendaria da.

Eledunak:

  • Jean Michel Uhaldeborde, Ekonomia Zientzietako katedraduna Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (Baionako-Miarritzeko Diziplina anitzeko Fakultatea). Frantziako Goi mailako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioko aholkulari ere bada.
  • Isabel del Val Valdivielso, Erdi Aroko Historiako katedraduna Valladolideko Unibertsitatean. Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea 2001etik, eta Portugalgo Historia Akademiako kidea 2005etik.
  • Jose Ramón Montero Gibert, Zientzia Politikoko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Zuzenbidean doktorea da Santiagoko Unibertsitatean, eta irakasle jardun du Granada, Santiago, Zaragoza eta Cadizeko unibertsitateetan eta Madrilgo Complutensen.