Jonan Fernández-ek: "Epai honek inflexio-puntu bat markatzen du, biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan modu partekatuan aurrera egiteko aukera bat da"

2020.eko uztailak 22

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak agerraldia egin du gaur goizean Lehendakaritzan, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Konstituzio Auzitegiak, motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legea –komunikabideek "polizia-abusuen biktimen legea" ere izendatu zutena– aldatzeko 5/2019 Legearen aurka Ciudadanos legebiltzar-taldeko berrogeita hamar diputatuk baino gehiagok jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoari buruz emandako epaia baloratzeko.

Jonan Fernándezek azaldu duenez, epai hau albiste ona da zuzentzen zaien biktimentzat. “Beraiengatik pozten gara. Legearen konstituzionaltasuna baieztatzen duen epai garrantzitsua da, eta haren aurkako argudioak ezetsi ditu. Epaia oso argia da edukiari dagokionez, ez du zalantzarik uzten eta Legearen garapena argitzen du une honetatik aurrera”, esan du.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak nabarmendu du epai honi buruz egin daitekeen balorazioak, gutxienez, bi alderdi dituela: ikuspuntu juridikotik, bere esanahi praktiko eta arauemailea, eta etikaren ikuspegitik, etorkizunerako eta bizikidetzarako duen proiekzioa.

Hau horrela, argiu du, ikuspegi juridikotik eta ondorio praktiko eta arauemaileetatik, hiru ondorio nagusi dakartza, laburbilduz:

  • Lehenik eta behin, baieztatuta geratu da Eusko Jaurlaritzak legitimazioa duela funtzionario publikoek edo partikularrek eragindako motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko.
  • Bigarrenik, biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko aurreikusitako esparrua, prozedura eta balorazio-batzordea erabat konstituzionalak dira, Legeak ezarritakoaren arabera.
  • Hirugarrena: errekurtsogileek beren errekurtsoaren argudioetan Legearen xedeari buruz azaldu dituzten asmo-judizioetatik bat ere ez da baietsi. Konstituzio Auzitegia bat dator bai Eusko Jaurlaritzak bai Eusko Legebiltzarrak egindako Legeari buruzko interpretazioarekin, Ciudadanos taldearen errekurtsoari erantzuteko aurkeztutako alegazioetan.

Era berean, etikaren ikuspegitik, Fernándezen ustez, epai horrek etorkizunerako esanahia ere badu. “Epai honek inflexio-puntu bat ezartzen du, biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan modu partekatuan aurrera egiteko aukera bat”, azpimarratu du.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak azaldu duenez, inflexio-puntu bat eta aukera bat da giza eskubideen urraketa larri baten biktima orok erreparazioa eta aintzatespena jasotzeko eskubidea duela partekatzeko, modu indibidualizatuan, bereizketarik egin gabe, biktimizazioaren kausak parekatu gabe, marjinaziorik gabe eta bazterketarik gabe. Gainera, Jonan Fernándezek esan du, giza eskubideen urraketa guztiek, hilketa guztiek, memoria kritiko argia eta zintzoa eskatzen dutela partekatzeko aukera bat dela, eta, nahitaez, haien bidegabekeria aitortu behar dela, eragin duenak eragin duela, salbuespenik gabe, konpentsaziorik gabe eta inolako teoria justifikatzaile edo errugabetzailerik gabe.

“Sei urte baino gehiagoko ibilbide zail baten ondoren, epai honek inflexio-puntu bat markatzen du, eta aukera bat da biktimen aitorpenean, inoiz gertatu behar eta errepikatu behar ez zenaren memoria kritikoan eta aniztasunarekiko eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako etorkizuneko apustuan oinarritutako bizikidetzan sakontzeko”, amaitu du.