Javier Hurtado sailburuak merkataritza-alokairuei buruzko jarrera bat hartzeko eskatu die aldundiei.

2020.eko abenduak 30

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak foru-aldundiei dei egin die merkataritza-alokairuen inguruan jarrera bat har dezaten, eta Espainiako Gobernuak erabakitakoaren antzeko neurri bat har daitekeen edo Euskal Autonomia Erkidegoan bestelako erantzun bat eman behar den ebalua dezaten.

Cadena SER irrati-kateko “Hora 14-Euskadi” albistegian egindako adierazpenetan, “erantzukizuna errentariak bakarrik ezin du hartu” nabarmendu ondoren, sailburuak gaineratu du Euskal Autonomia Erkidegoan ez dugula Katalunian eta Madrilen dagoen egoera bera errentamenduei dagokienez, han errentatzaile handiak edo inbertsio-funtsak baitaude. “Guk —esan du— jabe txikiak ditugu, eta horiek babestu behar ditugu, errenta txiki horretatik bakarrik bizi baitira. Bi aldeen interesak uztartu behar ditugu, eta erantzunkidetasun handiena hartu beharra dugu”.

Javier Hurtado pozik agertu da ostalaritza-sektoreak aurkeztutako laguntza-eskaeren tramiteak bizkor egin direlako. “9.849 eskaera izan dira —zehaztu du—, eta 2.700 egoki tramitatu dira, ia % 30, eta 1.500 baino gehiago ordaindu dira. Tramiteak azkar egiten jarraituko dugu. Pozik gaude, eta ahaleginak areagotu behar ditugu, benetan gaizki pasatzen ari den sektore baten alde lan egiten jarraitzeko”.

Sailburuak, era berean, herritarren erantzukizuna eskatu du, eta osasun-agintariek pandemiari aurre egiteko, ospitaletako presioa saihesteko eta kutsatzeen kurba jaitsiarazteko hartutako neurri guztiak defendatu ditu. “Arduratsuak izan behar dugu —gehitu du—, eta herritar guztiei dei egin behar diegu ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetara joaten garenean erantzukizunez joka dezagun, eragin handia jasarazten ari zaien krisi-egoera hau gaindi dezaten laguntzeko”.