Javier Arnáez izango da Finantzen Euskal Institutuko Zuzendari Nagusi berria; Arantza Larrauri Finantza Politikako Zuzendari berria eta Josu Garay aurrekontuen Zuzendari berria

2020.eko azaroak 10

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk proposatuta, Eusko Jaurlaritzak onartu egin du gaur Javier Arnáez finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusi izendatzea, gaurtik aurrera Aurrekontu Zuzendaritzaz arduratuko den Josu Garayren ordez, eta Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendari berri izendatzea.

Javier Arnáezek gidatuko du Finantzen Euskal Institutua, Ekonomia eta Ogasun Sailak eman nahi duen planteamenduarekin eta errefortzuarekin. Arnáez Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean eta 30 urtetik gorako esperientzia profesionala du ELKARGI, SGR sozietatean.

Finantzen Euskal Institutua 2008an sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-politikako eta kreditu publikoko tresna gisa jarduteko. Erronka da politika publikoen eta enpresen partaidetzaren zerbitzura egongo den finantzaketa-erakunde publiko bihurtzea, administrazio horren industria-, enpresa- eta korporazio-tresnekin sinergian. Horretan, Finkatuz funtsa FEIk kudeatuko du. Funts hori enpresa handietan parte hartzeko tresna bat da, epe luzerako bokazioa duena, eta haiek euskal ekonomian errotzen laguntzea du helburu.  Eusko Jaurlaritzarentzat, partaidetzak hartze hori elementu estrategiko bat da enpresa horiek produkzio-ehunaren osotasunean traktore gisa jardun dezaten bermatzeko. Urtea amaitu baino lehen, FEIk Bilbora eramango du egoitza, Bizkaia plazako kudeaketa zentralizatuko eraikinera.

Finantza Politikako Zuzendaritzan Javier Arnáez ordezkatzeko, Arantza Larrauri sartuko da. Nafarroako Unibertsitateko Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioan lizentziaduna eta Madrilgo AFI Escuela de Finanzas finantza-eskolako finantza-aholkularia da, eta nazioarteko banku pribatuaren esparrutik dator: HSBC France banku korporatiboa, nazioarteko departamentua, managerra. Erakunde horretan 10 urte daramatza lanean.

Azkenik, Josu Garay, orain arte FEIko zuzendaria, Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna, Osakidetzako zuzendari nagusi ohia, Ekonomia eta Ogasun Saileko Aurrekontuen zuzendari berria izango da.