Jaurlaritzak Euskal Sektore Publikoaren Lege Proiektua onartu du

Argazkia.jpg

2020.eko abenduak 29

Eusko Jaurlaritzak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi Landak proposatuta, Euskal Sektore Publikoaren Lege Proiektua onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan. Egitasmoa egungo arau sakabanaketak sortzen dituen arazoei erantzuteko pentsatuta dago, Euskadin sektore publikoan erakunde andana eta askotarikoak baitaude eta, gainera, testu juridiko ugari daudelako.

Gobernuaren irudiko, azken hamarkadetan gizartean, legedian, antolaketan eta teknologian izan diren aldaketek atzeraezina egiten dute euskal sektore publikoaren erakunde-sarearen antolaketaren doitzea eta bere funtzionamenduaren eguneratzea. Administrazio publikoaren hasierako oinarriak finkatu zirenetik tarte luzea igaro da eta denbora honetan gabezia nabariak azaldu dira, eta hain zuzen ere hori da lege proiektuak zuzendu nahi duena. Azken helburua da Administrazioaren garapena bideratzea gobernu eredu hurbilago, eraginkorrago eta parte-hartzaileago baterantz. Gobernantzak bestelako antolaketa eta funtzionamendu eredu batzuk izan behar ditu oinarri gaur egun.

Gaur aurkeztutako testuak 80 artikulutan aletzen du lege-proiektua, bost titulutan bilduta eta, horretaz gainera, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xendapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen. Egitasmoak aurreikusten dituen arau gehienak Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa, egitura eta funtzionamenduarekin dute zerikusia, hau da, euskal erkidego autonomoko Administrazioak, bere Administrazio instituzionalak eta bere erakunde instrumentalek osatzen duten sarea. Proiektuak EAEko sektore publikoaren erakundeak definitu eta sailkatzen ditu eta euren egitura eta antolaketa ezartzen ditu, bai eta Administrazioen arteko lankidetza eta koordinaziorako mekanismoak finkatu ere.

Lege proiektuak euskal sektore publikoaren perimetroa ezartzen du, euskal administrazio publiko guztietako sektore publikoek osatzen dutena, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, lurralde historikoetako foru administrazioak eta toki administrazioak barne. Guztiak ere dagozkien administrazio instituzionalekin eta haiei atxikitako gainerako erakunde instrumentalekin. Euskal sektore publikoan sartzen dira, halaber, nortasun juridiko independientea duten eta atxikipen araubiderik ez duten erakunde publikoak, hala nola Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia ea Gizarte Arazoetarako Batzordea, eta sortze arauak berariaz hala ezartzen duen beste edozein erakunde, baita Euskal Herriko Unibertsitatea ere.

Honen ildotik, egitasmoak arauak eta printzipioak ezartzen ditu foru eta udal administrazioen kasuetan, hauen tamaina eta eraldaketak zuzentzeko eta eskaintzen duten zerbitzu publikoaren funtzionamendua eta herritarrekiko harremanak bideratzeko. Izan ere, administrazioen eta herritarren arteko interakzioaren printzipioak zehazten ditu, printzipio gidaria herritarraren zerbitzua ematea dela kontuan hartuta, eta euskal administrazio publikoarekiko harremanetan herritarraren eskubide eta betebeharrak aitortzen dira. Horretaz gainera, Administrazio elektronikoa arautzen da eta herritarren partaidetza baliabide elektronikoen bitartez sustatzen du, aurrez aurreko harremana alde batera utzi gabe, beharrezkoa den kasuetan. Azkenik, lege-egitasmoak ezartzen du bi hizkuntza ofizialak zerbitzurako hizkuntza izango direla, harremanetarako eta lanerako hizkuntza euskal administrazio publiko osoan.

Aipatzekoa da lege proiektuak atal oso bat eskaintzen diola erakundeak eratzeko, eraldatzeko eta iraungitzeko araubideari. Honenbestez, gogortu egiten ditu kudeaketa figura berriak sortzeko formulak, erakunde berriak sortzeko prozesuak zorrotz eta era murritzailean onarritzen baititu eta, gainera, kontrol politikoaren mende eta ebaluaziopean egongo dira. Gainera. Euskadiko Sektore Publikoko Erakundeen Erregistroa sortzea aurreikusten du. Bertan inskribatu beharko dira erakundeen gorabehera guztiak euren ibilbide osoan zehar.

Lege proiektuan jasotako funtsezko figuretako bat euskal sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko erakunde arteko batzordea sortzea da. Batzordea hiru maila instituzionaletako ordezkariek osatuko dute eta bere eginkizunen artean dago proposamenen azterketa eta formulazioa.  Sektore publikoan egon daitezkeen  eraginkortasun gabezien, gainjartzeen eta bikoiztasunak saihestea du xede ekimen honek, modu horretan administrazioaren egiturak egokitu eta sinplifikatu ahalko dira.

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera bideratuko da euskal Administrazioaren zeregina antolatzeko pentsatuta dagoen egitasmoak legebiltzarkideek eztabaidatu, izapidetu eta, hala badagokio, onetsi dezaten. Esparru honetan dagoen arau sakabanaketa konponduko litzateke, bikoiztasunak eta gainjartzeak saihestuko lirateke eta sektore publikoan herritarren parte-hartzea sustatuko litzateke. Azken finean, lege egitasmo honek euskal Administrazio publikoaren eguneratzea eta modernizazioaren aldeko urratsa da, eta administrazioaren kultura berri bat -barrura zein kanpora begira- ezartzeko eta zabaltzeko ezinbesteko tresna.