Jarduera fisikoak Pasaian ez du etenik izan

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Jarduera fisikoak Pasaian ez du etenik izan

Pasaian ere, koronabirusak gogor astindu badu ere, herritarrak aktibo mantentzeko ahalegin handia egin du udalak. Haur, gazte eta helduentzako jarduera fisikoa burutzeko ekintza ezberdinak proposatu dituzte itxialdian zehar.

Etxeko gaztetxoentzat, eskola kiroleko hezitzaileek erronkak, tailerrak eta jolasak bideoen bitartez zabalduaz, etxean egiteko moduko kirol jarduera eta jolasak eskaini dituzte.

Helduek eta nagusiek ere, izan dute etxean aktibo mantentzeko aukera. Lehenengo eta behin, adineko pertsonek bizi izan duten egoera gertuagotik ezagutzeko helburuaz, beraiekin telefonoz harremanetan jarri ziren eta izan zezaketen behar eta premiei erantzuten saiatu zen udala. Deietan izan zituzten erantzunak aintzat hartuz, D´elikatuz zentroarekin elkarlanean, elikadurari buruzko fitxak eta gomendioak banatu zituzten.

Jasotako erantzunei jarraikiz, ezinbestekotzat jo zuten etxean jarduera fisikoa burutzeko ariketa gomendioak eta aholkuak elkarbanatzea. Horretaz, Pasaiako jarduera fisikoko orientazio zerbitzuko orientatzaile den Xabi arduratu zen. Horrez gain, Pasaian arrakasta handia duen tipi-tapa programak ere, protagonismo handia izan zuen konfinamendu garaian. Egitasmo hau, kalean egiteko aukerarik ez zegoela ikusirik, etxean tipi tapak egiteko desafio ezberdinak proposatu zizkieten parte hartzaileei. Geroxeago, deseskaladarekin batera, Pasaian aire librean jarduera fisikoa egiteko gomendio eta argibideak argitaratu zituzten.

Behin konfinamendua pasata, udako kanpainan burubelarri dihardu Pasaiako Udalak. Osasun berme guztiak kontuan izanda, hilaren 15ean ireki zituzten Trintxerpe eta Donibaneko kirolguneak. Eta, horrekin batera, Bizibadia bizikleta alokairu zerbitzua ere aktibatu da.