ITZtik IKTZra, Eusko Jaurlaritzako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza

Argitalpen-data: 

36/2020 Dekretuak dakarren berrikuntza nagusietako bat da lehengo Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzari (ITZ) eragin dioten izenaren aldaketa eta funtzioen erregulazio berria. Zuzendaritza berria Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Kudeaketa Ereduan definitutako egitura berriaren parte da, eta bere izen berria honako hau da: Eusko Jaurlaritzaren "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza" (IKTZ).

IKTen arloko zuzendaritza eskudunari eginkizun hauek dagozkio:

  • IKTen Batzorde Estrategikoari laguntza eta sostengua ematea.
  • Gobernu Kontseiluari igorri beharko zaion IKTen Plan Estrategikoaren (PETIC) proposamena prestatzea.
  • Alderdi interesdunen beharrizanak eta aurreikuspenak biltzea, bai eta IKTen plangintza estrategikorako beharrezkotzat jotzen diren barneko zein kanpoko gaiak ere, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egitea; horretarako, arriskuen eta aukeren analisia ere egingo du, beharrezkoa baita etengabeko lorpenak eta hobekuntzak bermatzeko.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta erakundeei eskatzea erabiltzen dituzten IKT zerbitzuen zerrenda, bateratze-aukeraren arabera sailkatzeko.
  • IKT zerbitzu eta ondasunen estandarizazio-erabaki bat onestea, zeinak bete beharko baititu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren beharrizanak; horretarako, baldintza tekniko uniformeak identifikatuko ditu, eta teknologia- eta zerbitzu-azpiegituretako inbertsioa arrazionalizatu.
  • Datuak biltegiratu, kudeatu, balorizatu eta erabiltzeko estrategia definitu eta onestea.
  • IKT zerbitzu errepikariak batera kudeatzeko eta emateko mandatua onesten duen erabakia proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta kontraprestazio ekonomikoak ere; eta aurreikusita dauden sailarteko aurrekontu-programak kudeatzea, bai eta eskatutako zerbitzuen mailaren jarraipena eta kontrola ere.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen bitarteko propio pertsonalizatuekin egin beharreko mandatuak sinatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuak informatizatzeko eta digitalizatzeko interes estrategikoa eta lehentasunezkoa duen beste edozein IKT zerbitzutarako, IKT Plan Estrategikoarekin (PETIC) bat etorriz.