Iñigo Urkullu Lehendakaria kasuen identifikazioaz eta jarraipenaz arduratuko den osasun-taldearekin bildu da

2020.eko maiatzak 11

  • Lehendakariak taldearenganako konfiantza adierazi du eta etapa berri honetan egingo duten ahaleginaren balioa nabarmendu du, batik bat aurreko hiletan egindako lana kontuan izanik

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Nekane Murga Osasuneko sailburuarein eta  Iñaki Berraondo Osasuneko sailburuordearekin batera, bilera egin du, gaur goizean, fase berri honetan kasuen eta haien kontaktuen azterketa koordinatuko duen taldearekin. Talde hori pandemia zaintzeko eta kontrolatzeko plan baten garapenean lan egiten ari da, eta plan hori lehen mailako arretan oinarrituko da, batez ere erizaintzako taldean.

Lehendakariak zuzen-zuzenean jakin du zer urrats egingo diren COVID-19aren hedapena geldiarazteko estrategian. Lehendakariak haienganako konfiantza helarazi die eta eskerrak eman dizkie azalpenengatik. Bestalde, hedapen horrek osasun-arloko kolektiboarentzat dakarren ahalegin berriaren balioa nabarmendu du, batik bat orain arte egindako lana kontuan hartuta.

Lanaren zati handi bat Lehen Mailako Arretako erizaintza-taldeak egin beharko du, eta lan hori ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuekin eta osasun-zentroetako Lan Osasuneko Unitateekin elkarlanean egingo du, baita Osalanekin elkarlanean ere, lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako. Plan hori laster aurkeztuko da. 

Lehendakariaz eta Osasuneko sailburuordeaz gain, lurralde historiko bakoitzeko Osasun Publikoko hiru zuzendariordetzek, Osakidetzako Osasun Laguntzako eta Erizaintzako zuzendariordetzek eta kasuen jarraipenean lan egingo duten Osasun Publikoko eta Lehen Mailako Arretako taldeko kideek parte hartu dute bileran.

Norberaren erantzukizuna

Lantaldeak berretsi du lan hori alferrikakoa izango dela biztanleek ez badituzte kutsatzea saihesteko gomendioak betetzen (eskuak garbitzea, urruntzea…). Kontuan izan behar da pertsona batek sintomak nabaritzen baditu (eztula, eztarriko mina, sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena galtzea…) etxean isolatuta geratu beharko duela eta bere osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko duela.