Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da ASM International-Metalaren Amerikako Elkarteak Legazpiko Mirandaola burdinolari egindako aitortza emateko ekitaldian

2020.eko urtarrilak 16

  • ASMtik azpimarratu dutenez, "Legazpiko eta Euskadiko motor ekonomikoa den Burdinaren Haranari 500 urte baino gehiagoz lana eta sostengu ekonomikoa eman dio”

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Metalaren Amerikako Elkarteak-ASM Internationalek Legazpiko Mirandaola burdinolari egindako aitortza emateko ekitaldian. Errekonozimendu hau "metalen eta metalgintzaren aurkikuntzan, garapenean eta hazkundean paper nabarmena egiten duten" ‘gune historikoei’ (‘historical landmarks’) egiten zaie, kasu honetan "Legazpiko eta Euskadiko motor ekonomikoa den Burdinaren Haranari 500 urte baino gehiagoz lana eta sostengu ekonomikoa emateagatik". Lehendakariak Mirandaolan eta Euskadi osoan ondare historiko eta kulturala babesteko egindako apustua nabarmendu du, eta, era berean, siderurgiak eta burdinaren kulturak herriaren bilakaera historikoan izan duten garrantzia azpimarratu du.

Lehendakariarekin batera, ekitaldian izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, Rafael Colas ASM Internationaleko ordezkaria, Luis Chillida Lenbur Fundazioko presidentea, Juan Echeverria Lenbur Fundazioko kide eta patrizio Echeverriaren biloba eta, azkenik, Pierre Dupont, ASMko presidente ohia eta ASMko Sarien eta Izendapenen Batzordeko presidentea.

Mirandaola parkearen barruan kokatua, Mirandaola burdinola XV. mendean Legazpin zeuden zazpi burdinoletatik kontserbatzen den bakarra da. XIX. mendean instalazioak itxi zituen arren, 1952an zaharberritu zuten Patricio Echeverría eta Teresa Aguirreren mezenasgoari esker. Saria emateko orduan, burdinolak burdinaren garapenari eta hazkundeari, metalurgiari eta haren prozesuei 500 urte baino gehiagoan egindako ekarpen historikoa baloratu du ASM Internationalek. Hala, Udaletik adierazi dutenez, sari honi esker mendeetan zehar burdina garatzen lagundu duen herria aitortzen da,  Euskadi osoari zabal daitekeen aitortza bat eginez. Aurtengoa 50. edizioa da, eta urte hauetan guztietan 148 'gune historiko' edo 'historical landmark' aitortu dituzte (Mirandaola 148. izan da).

Iñigo Urkullu lehendakariak, hain zuzen ere, burdinak Euskadiren historian zehar izan duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Burdina gure herria mendeetan zehar moldeatu duen elementuetako bat da. Ekoizten eta berritzen irakatsi digu. Bidaiatzera eta nazioarteko merkataritzan murgiltzera behartu gaitu. Ekoizpena, berrikuntza edo mundura irekitzea gure Herriaren nortasunaren parte dira, neurri batean, burdinaren kulturari esker".

Era berean, Lehendakariak esker oneko hitzak izan ditu Echeverria familiaren, Mirandaola birgaitzearen alde egindako apustuagatik: "Legazpik eta Echeverria familiak merezi dute sari hau, etorkizunari begira eduki zuten ikuspegiarengatik. Aitzindariak izan ziren. Ondarea bizirik mantentzeak eta hedatzeak eduki zezakeen garrantziaz jabetu ziren. 'Burdinaren kulturari’ jarraipena eman zioten, eta, haien konpromisoari esker, burdinolek Euskadiren bilakaera historikoan izan duten garrantziaren adibide bizia dugu Mirandaolan. Eduardo Chillida euskal artista unibertsala jakitun zen burdinak gure historian eduki duen garrantziaz, eta bere obraren zati bat burdina ‘omentzera’ bideratu zuen. Echeverria familiaren mezenasgoari esker, Legazpin egin zituen gaur egun mundu osoan zehar aurki ditzakegun bere lan monumentaletako batzuk. Berriro ere, burdina eta kultura gure Herria mundura proiektatzen duten elementu gisa".

Lehendakariak, halaber, sari honen garrantzia azpimarratu du, Euskadin ondare historiko eta kulturalaren balioa nabarmentzeko egiten den lana aitortzen baitu: "ASMren sari honen bidez, kultura oso bat eta konpromiso jarraitu bat aitortzen da. Gure historia gogoratzeko eta Euskadin gure ondare historiko eta kulturala balioan jartzeko eta zabaltzeko egiten den lana aitortzeko aukera ematen digu ".

ASM International

ASM, Metalaren Amerikako Elkartea, duela mende bat sortu zen burdinarekin lotutako materialetako profesionalak konektatzeko eta lankidetzan jartzeko helburuarekin, ezagutzak, prozesuak eta diseinuak parteka zitzaten. Materialak ezagutzeko nazioarteko erakundea da, munduko handiena, eta enpresek, erakundeek eta 30.000 bazkide baino gehiagok osatzen dute. Duela mende erditik hona metalen eta metalgintzaren aurkikuntzan, garapenean eta hazkundean paper garrantzitsua izan duten 'monumentu historikoak' aitortzen ditu ASMk. Sari hauen bidez aintzatetsitako monumentu historiko ugarien artean Eiffel dorrea eta Askatasunaren Estatua nabarmendu behar dira. Estatu osoan beste monumentu historiko bat baino ez dago, Kataluniako Ripolleko Farga izenekoa, hain zuzen ere.