Ingurumenak Verter Recycling-i bidaliko dizkio Zaldibarko zabortegian 3,4 milioi euroan eginiko lanen lehen fakturak

Argitalpen-data: 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Zaldibarko zabortegiaren jabe den Verter Recycling 2000 SL  enpresari bidaliko dizkio, berehala, pasa den otsailaren 6an irristatzea izan zenetik Eusko Jaurlaritza instalazioan egiten ari den lanen lehen fakturak. Irristatze horretan, Alberto Sololuzek eta Joaquín Beltránek galdu zuten bizia. Jakina denez, une horretatik aurrera, eta enpresak lan horiek egiteko gaitasunik ez zuenez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zituen premiaz eta modu subsidiarioan zabortegia egonkortzeko eta kontrolatzeko lan guztien zuzendaritza, kontratazioa eta betearazpena, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murrizteko eta, nagusiki, langileen bilaketa-lanak segurtasun osoz egin ahal izateko.

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak gaur goizean ebazpen bat sinatu du eta, haren bidez, enpresari honako hau eskatzen dio: “eragindako gastuak ordaintzera behartuta dagoen instalazioaren operadore zaren aldetik, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak zuzenean betearazi dituen behin-behineko neurriei lotutako kostuak ordaintzeko”.

Ekainaren 1ean betearazita eta ordainduta dauden neurriei buruzko fakturen lehen blokea da; bloke horren zenbatekoa, ebazpenak dakarrenaren arabera, 3.420.988,71 eurokoa da (BEZa barne). Batik bat, honako lan hauekin dute zerikusia: desagertu diren bi langileak bilatu ahal izateko irristatzea egonkortzea eta ezponda seguruak sortzea; premiazko lan-puntuetara jotzeko bidea irekitzea; ingurumen-inpaktua eta herritarren osasuna kontrolatzea; sutea kontrolatu eta amatatzea, makina astunen bidez, eta aireko baliabideak lankidetzan jardutea; hondakinentzako segurtasun-gordailuak gauzatzea edo lurpeko uren kontrol-sarea diseinatzea.

Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egin duen premiazko jarduketa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aginduaren bidez adostu zen, pasa den otsailaren 13an. Premiazko fase horretan eta gaur arte, Ingurumenak zabortegian 9 milioi euroko balioa duten lanak egin ditu.

 

Ebazpenaren berri eman zaie, era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun, Lan eta Justizia Sailari eta Osasun Sailari, URA-Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Urak partzuergoari, operadoreak hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jardueraren ondoriozko kutsaduragatik sinatuta duen ingurumen-erantzukizuneko eta erantzukizun zibileko aseguruaren jabe den aseguru-konpainiari eta Durangoko Instrukzio Epaitegiari eta Fiskaltzari.