Ingurumen Sailak zabortegi publikoei eskatu die Verter Recycling zabortegiak jada jaso ezin dituen industria-hondakinak jasotzeko prestasuna zehaztea

2020.eko otsailak 24

Ingurumeneko sailburuordeak, gaur onartu duen ebazpenean, euskal zabortegi publikoen titularrek azaldu duten laguntzeko prestasuna eskertu du, eta eskatzen die zehazteko zer gaitasun duten industria-enpresa askok ezbeharra izan duen Zaldibarko Verter Recycling instalaziora eramaten zituzten hondakinak epe labur eta ertainean hartzeko.

Eskaera hori Sailburuordetzak hilaren 10ean egindako lankidetza-eskaeraren ondorioa da; eskaera horretan, gainerako zabortegiei "lankidetza aktiboa" eskatu zitzaien, Verter enpresaren bezero ziren enpresek sortutako hondakin ez-arriskutsuei irtenbidea emateko. Ondoren, industrien ekoizpen-erritmoan eta ingurumenean eraginik izango ez duten alternatibak bilatzeko bi bilera egin dira zabortegi publikoetako eta pribatuetako arduradunekin eta eraginpean dauden enpresen sektoreetako ordezkariekin.

Bilera horien ondoren, otsailaren 17an eta 19an, Bizkaiko Foru Aldundia – Garbiker (Jata-Lemoizko eta Artigasko instalazioen titularra), Epele zabortegia (Debagoieneko Mankomunitatea) eta Gardelegi zabortegia (Gasteizko Udala) prest agertu dira Zaldibarko zabortegia desagertu ondoren sortutako industria-hondakinen kudeaketarako logistika-egoera larria arintzen laguntzeko. Izan ere, zabortegi horrek, 2019an, hondakin ez-arriskutsuen 500.000 tona inguru jaso zituen. Erakunde horiek jakinarazi dutenez, zenbait egokitzapen eginez gero, haien instalazioek epe labur edo ertainean honako hondakin kopuru hauek hartzeko gaitasuna izango lukete: Jata-Lemoizek eta Artigasek 550.000 tona; Epelek, martxan jarri ondoren, 350.000 tona; eta Gardelegik milioi bat metro kubiko.

Gaur sinatu duen ebazpenean, Ingurumen Sailburuordetzak erakunde horiek “eskainitako laguntza” eskertzen du, baita “egindako ahalegina” ere. Hala ere, premiazko beharrak kontuan hartuta, eskatzen zaie bi eguneko epean organo eskudunak sinatutako "konpromiso fede-emailea" igortzeko; konpromiso horretan zehaztu beharko dute haien isurketa-ontziek zer gaitasun duten hondakinak berehala jasotzeko, zer gaitasun duten epe laburrerako eta ertainerako, zenbat denbora beharko duten beharrezko obrak egiteko eta zer hondakin-fluxu jaso ohi duten.

Era berean, instalazio horiei eta Euskadiko gainerako zabortegi pribatuei gogorarazten zaie, joan den otsailaren 10eko ebazpenean jaso zenez, ingurumen-administrazioak "beharrezkoa izanez gero, premiazko neurriak hartu ahal izango dituela, ebazpen arrazoitu baten bidez, azpiegitura horiek aipatutako hondakinak jaso ditzaten" (nahitaezko betearazpena).

Ingurumen Sailak zehaztu nahi du zabortegi horietara eraman beharreko hondakinak soilik hondakin ez-arriskutsuak izango direla, hau da, enpresek eta kudeatzaileek Zaldibarren uzten zituzten, baina, otsailaren 6ko luiziaren ondorioz instalazioak erabili gabe geratu direnez gero, orain bertan utzi ezin dituzten hondakin ez-arriskutsuak direla. Horrez gain, aditzera eman du zabortegi horien ingurumen-baimenaren arabera eta ustiapen-plan onartuaren arabera utziko direla hondakinak zabortegi horietan. Horrenbestez, egunero jasotzen dituzten eta jasotzeko baimena duten hondakin motak soilik jasoko dituzte.