Ingurumen Sailak Verter Recycling enpresari exijitu dio zazpi egunetan jarduera-plan bat aurkezteko, Zaldibarko zabortegian izandako luiziari aurre egiteko

Argitalpen-data: 

  • Era berean, zabortegiaren egonkortasunari buruz eta gertakariari buruz eskuragarri dagoen dokumentazio guztia bidaltzeko eskatu du.

 

Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak gaur agindu dio Verter Recycling 2000 SL enpresari "7 eguneko epe luzaezinean" bidal dezala jarduera-plan bat, Zaldibarren duen zabortegiko luiziak sortutako gertakaria konpontzeko, ingurumen-administrazioak azter eta balora dezan.

Ingurumeneko sailburuordeak sinatutako ebazpen horretan, honako hau berehala bidaltzeko errekeritzen zaio enpresari: instalazioaren "isuri-ontziaren egonkortasunari buruz duen informazio historiko guztia”; 2019ko Ingurumena Zaintzeko Planaren dokumentazioa, ohiko egoera batean, martxoaren 31 baino lehen aurkeztu behar zuen; eta, gertakariarekin lotutako beste edozein dokumentu interesgarri.

Bestalde, enpresari adierazten zaio gertakariari buruz sortzen den informazio guztia bildu beharko duela, ondoren eragindako kaltearen irismena zehaztu ahal izateko. Alde horretatik, ohartarazten zaio, ingurumen-legeriak agindutakoa betetzen ez badu edo osorik betetzen ez badu, ingurumen-administrazioak "nahitaez betearazteko agindua emango duela, eta hamabost eguneko hertsapen-isunak ezarriko zaizkiola, agindutakoa betetzen dela ziurtatzeko".

Halaber, Verter Recycling enpresari exijitzen zaio ebazpena eta zabortegiaren lerradurari buruz duen informazioa helarazi diezaizkiola hondakin ez-arriskutsuen isurketaren ondoriozko kutsaduragatiko ingurumeneko eta erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua sinatuta duen aseguru-etxeari.

Era berean, ebazpenaren berri eman zaie Eusko Jaurlaritzako Segurtasun, Lan eta Justizia eta Osasun sailei; URA-Uraren Euskal Agentziari; Gipuzkoako Uren Partzuergoari; eta, Eibar, Ermua eta Zaldibarko udalei.