Ingurumen Sailak bi segurtasun-depositu eraikitzea onartu du Zaldibarko zabortegian premiazko lanetan erretiratutako hondakinak biltzeko

plano_celdas.jpg

2020.eko martxoak 03

  • Berehala eraikiko diren bi gelaxkak zabortegiaren aldameneko lurretan kokatuko dira, ingurumen-inpaktua murrizteko asmoz
  • Zabortegiko erreskate- eta egonkortze-lanetan erretiratutako hondakinen 300.000 metro kubiko jasoko dira bertan eta, ondoren, zigilatu egingo dira

Gaur egindako bileran, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Dekretu bat onartu du. Horren bitartez, Zaldibarko zabortegiaren inguruan hondakinen segurtasuneko deposituak berehala eraikitzea erabaki da, erreskate- eta egonkortze-lanetan erretiratzen ari diren hondakinak bertan jaso ahal izateko. 

Jarduketa hori Ingurumen Saila era subsidiarioan hartzen ari den premiazko neurrien barruan kokatzen da, Verter Recycling enpresaren instalazioetan otsailaren 6an gertatutakoa bezalako lur-irristadura gehiago ez gertatzeko, lur azpian harrapatuta geratu ziren bi langileen bilaketa-lanak errazteko, eraistearen ondoren sortutako suteak kontrolatzeko eta lixibiatuak bideratzeko.

Ingurumenean kalteak eta hondakin horien garraioan arriskuak murrizteko, teknikariek erabaki dute segurtasun-depositu horiek zabortegiaren aldamenean dauden lurretan kokatzea. Lur horien zati baten jabea Verter Recycling enpresa da eta beste zatiak jabe bat baino gehiago ditu. Zabortegiaren beheko aldean eraikiko den 1. deposituak 140.000 m3-ko edukiera izango du eta zabortegiaren goiko aldean eraikiko den 2. deposituak 160.000 m3 ingurukoa.

Behin beteta zigilatu egingo dira

Onartutako Dekretuan segurtasun-deposituak premiaz eraikitzeagatik eraginpean egongo diren lurren eta ondasunen aldi baterako okupazioaren erabilera publikoa, interes soziala eta premia aitortzen dira. Halaber, zabortegiko kolapsoaren ondoren sortutako premiazko egoera kontuan hartuz, proiektu hau ohiko ingurumen-inpaktua eta lurzoruaren kalitatea ebaluatzeko prozeduretatik salbuesten da, kasu hauetan legeriak hori ahalbidetzen baitu. Hala ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egokitasuneko azterketa bat egin du okupatuko diren lurzoruetan aurreikusitako erabilerak ezartzeko. Proiektua ere udalaren hirigintza-lizentziak eskuratu beharretik salbuetsia dago.

Aurretik aipatu bezala, bi depositu horiek sortzeko helburua honako hau da: lur-irristatzea gertatu zenean lurpean geratu ziren bi langileen erreskate-lanetan eta AP-8 autobideko ezponda eta isurketa-basoa sendotzeko lanetan erretiratzen ari diren zabortegiko hondakinak biltzen uztea.  Lurren iragazgaiztea, gasen irteera, eta uren drainatze eta bilketa egokia ziurtatzeko berme guztiekin eraikiko dira. Aurreikusitako edukierara heltzen direnean, depositu horiek zigilatu egingo dira.

Lan horietan aditua den enpresa batek egindako proiektuan bi deposituen ezaugarri teknikoak, hauei lotutako instalazioak, sarbideak eta hondakinak mugitzeko eta jalkitzeko jarraituko diren operazioak zehazten dira. Zaldibarko zabortegia arriskutsuak ez diren materialak biltzeko prestatuta dagoen arren, bere tratamendurako, hondakinak arriskutsu gisa kalifikatu dira, lurrak irristatzean fibrozementudun eraikuntza-materialak (amianto) biltzeko baimendutako gelaxken edukiarekin nahastu direlako.

 

Premiazko esku-hartzeak

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak izendatutako talde teknikoak gauzatutako premiazko esku-hartze horiek guztiak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol integratuko Espainiako Legean (35. eta 36. artikuluak), 1998ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrean (102. eta 105. artikuluak) eta 2007ko Ingurumen Erantzukizuneko Espainiako Legean xedatutakoaren arabera burutzen dira. Azken arau horren 9. artikuluan honako hau adierazten da: “Lege honen barne hartutako jarduera ekonomikoen edo ingurumeneko jardueren operadoreek ingurumeneko kalteak prebenitzeko, ekiditeko eta konpontzeko neurriak hartzeko eta gauzatzeko, eta horiek eragindako kostuak ordaintzeko obligazioa dute, kopuru hori edozein dela ere, baldin eta eragindako kalteen erantzuleak badira”. 

Era berean, arau honen 23. artikuluan Administrazioaren esku-hartze zuzena eskatzen duten kasuak —Zaldibarko zabortegiaren krisian ematen ari direnak adibidez— aztertzen dira, honako hau zehaztuz: “Larrialdi-kasutan, agintaritza eskudunak ingurumen-kalteak zuzentzeko, ekiditeko edo prebenitzeko neurriak finkatzeko edo haiek ezartzea eskatzeko ahalmena izango du, lege honetan aurreikusitako prozedura tramitatzeko beharrik gabe". Larrialdi-egoera desagertu ondoren, agintaritza eskudunak “ebazpena emango du, egikaritutako neurrien kostuen zenbatekoa finkatuz, artikulu hau eta kostu horiek ordaintzeko behartua edo behartuak aplikatu ondoren”.

Azkenik, Ingurumen Erantzukizuneko Legearen 23. artikuluaren 3. puntuan honako hau adierazten da: “agintaritza eskudunak operadorearengandik edo, bidezkoa denean, kaltea bera edo berehalako kalte-mehatxua eragin duen hirugarrenarengandik jasoko ditu prebentzioko, kalte gehiago ekiditeko edo konpontzeko neurriak hartzeagatik izan dituen kostuak”.