II. Errepublikako eta Gerra Zibileko emakume politikariak omendu dituzte Bilboko Udalak eta Gogorak

IMG_20200110_182916.jpg

2020.eko urtarrilak 10

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Aintzane Ezenarro Gogoraren zuzendariak parte hartu dute Gogoran II. Errepublikako eta Gerra Zibileko emakume politikariei egin zaien omenaldian. Bilbon, Emakume Antifaxisten Elkartea (AMA) sortu zela 83 urte betetzen diren egunean, Bilboko Udalaren ekimenez, garaiko emakume politikari guztiak omendu eta haien memoria berreskuratu nahi izan da horrela, eskubideen eta demokraziaren defentsan egindako lanagatik.

Ekitaldi instituzionalaren ostean, mahai-ingurua egin da garai horretako emakumeen aktibismo politikoaz eta horren ondorioz jasan zuten errepresioari buruz jarduteko. Miren Llonak eta Gurutze Ezkurdiak, EHUko irakasleek ideologia ezkertiarreko taldeez eta Emakume Abertzale Batzaz jardun dute, hurrenez hurren, eta Mónica Calvo ikertzaileak errepresioaz jardungo du; zehazki, Bilbon, Orue izeneko etxean zabalik egon zen emakumezko kartzelan izandakoaz. Izan ere, 1937 eta 1938 artean, Bilbon, 11 emakume hil zituzten gerra-kontseiluan epaitu ostean.

Emakume politikarien memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko helburuarekin, garai hartan izandako talde politikoen jarduna jasotzen duen erakusketa txikia jarri da ikusgai eta, era berean, bideo pieza batean jaso dira martxan egon ziren emakume elkarteen historia laburra eta emakume politikari haien zenbait testigantza.