Ia 4 milioi euro gehiago ardogintzako produktuak kanpoan sustatzeko ekintzetarako laguntzetan (Gobernu Bilera 2020-06-23)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 23

  •  Gaur egun bereziki garrantzitsuak dira, ardogintzaren sektorea oso une zailetik igarotzen ari baita Covid-19aren krisiaren ondorioz
  •  Eusko Jaurlaritza lanean ari da “Basque Wine” aterkinpean euskal upategietako produktuak posizionatzen utziko diguten ekintzak eginez sustapen kanalak indartzeko.

Gobernu Kontseiluaren azken bileran, ardogintzaren produktuak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko 2020ko maiatzaren 1etik 2021eko apirilaren 30era arte egingo diren programa eta ekintzetarako laguntzak iragartzen zituen agindua aldatzea onartu du Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak proposatuta. Laguntza horiek 8,5 milioi eurokoak ziren, eta orain 12,3 milioikoak izango dira, FEAGA fondo europarraren ekarpena handitu delako.

 2016tik, guztira 139 enpresa baliatu dira laguntza horietaz. Egin diren inbertsioak 68,2 milioi eurokoak baino handiagoak izan dira, eta kopuru horretatik 32,3 milioi inguru dirulaguntzak izan dira.

Helburua da ardoa gure mugetatik haratago sustatzea eta sektorean inbertsioak egiten laguntzea, merkatuaren eskarietara hobeto egokitzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean eta, beraz, Euskadiko ekonomian ere zati nagusi diren enpresa hauen lehiakortasuna eta etekin globala areagotzeko.

Sektorea babesteko tresnak

Ardoaren sektorea egoera zailean dago, ia hiru hilabetean nazioarteko eskaerak behera egin duelako eta HORECA kanala erabat gelditu delako. Egoera horren aurrean, Tapia sailburuak lankidetza areagotu behar dela eta sektoreari laguntzeko neurriak uneko premietara egokitu behar direla jakinarazi dio sektoreari, berriki egindako bilera batean.

Zentzu horretan, administrazioak eta sektoreak erabaki dute finantza tresnak indartzea, bai eta sustapen kanalak ere, Basque Wine aterkinpean euskal upategietako produktuak salmenta eta posizionamendu kanal berrien bitartez posizionatzen utziko diguten ekintzak eginez, eratu berri den Basque Wine Officerekin koordinatuta eta haren finantzaketarekin.