Hezkuntza Sailak 8,4 milioi euro bideratu ditu itunpeko ikastetxeetan enplegua mantentzeko eta plantillak gaztetzeko (Gobernu Bilera 2020-05-26)

fotoconsejo.jpg

2020.eko maiatzak 26

  • Deialdiak diru-laguntzak jasotzen ditu itunpeko ikastetxeentzat, beren irakasleak birkolokatu ditzaten, ikasgelak murriztu daitezkeelakoan, edo irakasle-plantillak gaztetu ditzaten errelebo-kontratuen bidez

Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez, itunpeko ikastetxeei laguntzak emateko deialdia egiten da, enplegua mantentzeko eta irakasle-plantillak gaztetzeko akordioen esparruan, datozen urteetarako aurreikusten den demografia-beherakadaren aurrean. Deialdi honek 8.470.000 euroko diru-kopurua du dirulaguntza horietarako.

Iragan urtarrilean eta otsailean, EAEko Administrazioak akordio bana sinatu zuen gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako patronalekin eta sindikatuekin. Akordio horien ardatz nagusiak, honako hauek dira:

  • Batetik, irakasleen enpleguari eustea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena bermatzea.
  • Bestetik, irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenak lanbidera sartzea erraztuz: erretiro partziala eta errelebo-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.

Beraz, laguntza hauen onuradun izan daitezke EAEko itunpeko ikastetxe pribatuak –gizarte ekimenekoak nahiz ikastolak-, gorago aipaturiko akordioen sinatzaileak. 

Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen jarduerak eta gastuak honako hauek dira:

  • Enpleguari eustea, 2020-2021 ikasturtean itundutako ikasgelak murriztearen ondorioz lanpostua galtzen duten irakasleak birkokatzearen bidez, betiere horiek birkokatzeari ekiten bazaio; eta kaleratzeagatiko kalte-ordainak, birkokatzeko aukerarik ez dagoenean eta erreferentziako akordioan hala aurreikusita dagoenean.
  • Irakasleen plantilla gaztetzea, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren bidez.

Deialdi honetan sartzeko, diruz lagun daitezkeen jardueren eraginpeko langileak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako kontratu mugagabea duten irakasleak izango dira, Euskadiko itunpeko irakaskuntzan.

Kalitatezko enplegua

Deialdi honen eta goian aipatutako akordioen helburuak bat datoz Legealdi honetako Gobernu Programaren ardatzetako batzuekin. Horien artean da “Hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena” ardatza. Horretarako, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzea helburu duten politika publikoak sustatzen dira, izaera ekonomiko eta soziala dutenak.