Hezkuntza Sailak 770.000 euro bideratu ditu lanbide heziketako berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako (Gobernu Bilera 2020-04-29)

fotoconsejo.jpg

2020.eko apirilak 29

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Agindu bat onartu du. Aipatutako Aginduaren bidez, 2020-2021 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzak deitzen dira. Proiektuok, Lanbide Heziketako V. Planak definitzen dituen ildo estrategikoekin bat etorri beharko dute.

770.000 euroko diru kopuruarekin, deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako zentroetan irakasleak erabat edo partez liberatzeko dirulaguntzak ematea, hauek berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza proiektuak egin ahal izan ditzaten. Aipaturiko proiektu horiek 2020-2021 ikasturtean gauzatu beharko dira. Proiektuok garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleenganaino iristea izango da helburua, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, Enpresa Txiki eta Ertainetara (ETE) bereziki.

Deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen proiektuen artean, lehentasuna izango dute honako gai hauetakoren batekin zerikusia duten proiektuek: Fabrikazio aurreratua; Fabrika digitala eta konektatua; Eraginkortasun energetikoa; Biozientziak eta Nanozientziak; Ekonomia jasangarria; Errealitate Birtuala/Fusionatua; 4.0 Osasuna; edo Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren Estrategiekin, Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin nahiz Eusko Jaurlaritzaren espezializazio agendako estrategiekin zerikusi nabarmena duten beste gai batzuek.

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek, baldin eta 2020-2021 ikasturtean erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak itunduta badituzte.

Deialdi hau bat dator Lanbide Heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzeko helburuarekin. Ingurune eta arlo horien bidez, ikasleen enpleagagarritasuna hobetzen da, eta, gainera, EAEko enpresei lehiakortasun abantailak ematen dizkie, bereziki ETEei.