Hezkuntza Saila eta Gasteizko Aldaialde ikastetxeko familien ordezkarien arteko bilera

2020.eko otsailak 27

  • Hezkuntza Sailak lanei ahalik eta azkarren ekiteko borondatea berretsi du
  • Hezkuntza Sailaren kontsulta juridiko batek obrak bi fasetan egiteko aukera jasotzen du.

Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea Gasteizko Aldaialde HLHIko familien ordezkariekin bildu da gaur eguerdian, ikastetxe berria eraikitzeko proiektuaren egoeraren berri emateko.

Garamendik, Polentzi Urquijo Baliabide Materialen eta Azpiegituren zuzendaria eta Jon Urbina Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen zuzendaria lagun zituela, proiektuak azken hilabeteetan izan duen bilakaera azaldu du, Gasteizko Udalak lursaila esleitu ondoren, Hezkuntza Saila 2017an lehen administrazio-urratsak egiten hasi zenetik.

Sailburuordeak behin baino gehiagotan adierazi du Hezkuntza Sailak Aldaialde ikastetxea eraikitzeko konpromisoa duela, eta hala jasota dago Azpiegituren Planean, bai oraingoan, bai aurreko Planena. Hala ere, hiriaren erdigunerako trenbide-sarbideak eraikitzeko planak, abiadura handiko trenaren etorrera jasotzen duen plangintzaren barruan, izugarri zailtzen ari dira hasieran aurreikusitako pasabideak.

Udalak eskola berria eraikitzeko aukeratu zuen lursaila trenbide horien hasierako trazaduraren eraginpean geratu zen. Obra horiek zaildu egiten zuten eraikuntza-proiektua, trenbide-trazadurak aurreikusten baitzuen esleitutako lurzatiaren zati batean lurpetik igarotzea.

Orain, Adifek – Trenbide Azpiegituren Administratzaileak – hasierako proiektua aldatu du, eta lurzatiari eragingo ez liokeen beste trazatu bat aurreikusten du. Hala ere, aldaketa hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak berretsi arte Adifek ez du hasierako proiektua erretiratuko, eta, beraz, lurzatiak eraginpean jarraituko du eta bertan eraikitzeko aukerak mugatuta.

Horrela bada, Gasteizko Udalak, "baldintzapeko lizentzia"  bat onartu zuen; baimen horrekin, udalak Eusko Jaurlaritzari lanak hastea erraztu nahi zion.

Lizentzia hori salbuespenezkoa zenez, Hezkuntza Sailak kontsulta juridiko bat egin zuen, obrak lizentzia horrekin hasteko aukera zehazteko. Erantzun juridikoak, ordea, zehaztu zuen ezinezkoa zela lanak "lizentzia baldintzatuarekin" egitea. Gauzak horrela, eta Hezkuntza Sailaren borondatea ikusita, beste kontsulta juridiko bat egin zen berriro. Bigarren analisi horretan, lantalde juridikoak zehaztu du lanak egiteko aukera badagoela, baina bi fase bereizitan; horretarako, beharrezkoa litzateke udalak beste lizentzia bat onartzea.

Bileran, Hezkuntza Saileko arduradunek nabarmendu dute, aipatutako izapideekin batera, Eusko Jaurlaritzak obraren lizitazioa aurrera eramateko beharrezkoak diren aurretiazko izapide administratiboak egiten jarraitu duela.

Hezkuntza Sailak bere Azpiegitura Planean jasota dagoen proiektu bati lehenbailehen ekiteko borondatea agertu nahi du. Olatz Garamendi sailburuordeak familiei jakinarazi die haiekin komunikazioa izaten jarraitzeko prest dagoela, eta obrak lehenbailehen hasteko desioa erakutsi die.