Hezkuntza Saila eta Buenos Aires Hiri Autonomoko Hezkuntza Ministerioaren arteko bilkura telematikoa

2020-11-19

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera telematikoa egin du gaur eguerdian Buenos Aires Hiri Autonomoko Gobernuko Hezkuntza Ministerioko arduradunekin, bai eta Iberoamerikako Estatuen Erakundeko (OEI) Argentinako ordezkariekin ere, hala nola, Andres Delich idazkari nagusiarekin eta Luis Scasso OEIren Argentinarako zuzendariarekin. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Sara Pagola Euskadik Argentina-Mercosurren duen ordezkaria ere izan dira bileran, besteak beste.

Bileran landu diren gaien artean, lehentasunezko lekua hartu dute –Argentinako agintariek horietan erakutsi baitute interesa– hezkuntza telematikoa izan den aldietan ikaskuntzak ebaluatzeko estrategiek, nola gauzatu diren horiek Euskadin, eta aurrez aurreko eskola presentzialetara itzultzeko protokoloek. Argentinan ere, Euskadin eta munduko beste herrialde askotan bezala, eskola presentzialak eten egin ziren joan den martxoaren erdialdean pandemiaren ondorioz, baina urriaren 13an hasi eta azarora arte, ikasleak ikasgeletara itzultzen ari dira, irakaskuntza presentzialera, mailaka, hezkuntza-etapen arabera.

Buenos Aires Argentinako Errepublikako hiriburua da, baina baita Hiri Autonomoa ere, eta probintzia-gobernuek dituzten antzeko eskumenak ditu, horien artean hezkuntza-eskumena. Gaur egun, Buenos Airesko Hiri Autonomoak 2.747 hezkuntza-unitate ditu derrigorrezko etapetan, eta guztira 602.014 ikasle matrikulatuta horietan. Horiez gain, Lanbide Heziketako 59 ikastetxe ere baditu.

Bi aldeek balorazio positiboa egin dute izandako topaketaz eta bertan izandako esperientzia-trukeaz, eta prest agertu dira harreman honi eusten jarraitzeko, aberasgarria eta bi aldeentzat interesgarria delakoan.