Hernanin atxilotu dute kokainarekin trafikatzeagatik eta pertsona bat jotzeagatik
2020.eko abenduak 22
Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute goizaldean Hernaniko taberna batean drogarekin trafikatzea eta pertsona bat jotzea leporatuta. Lokalean 13 gramo kokaina atzeman dituzte.
Goizaldeko hiru eta erdiak aldera, polizia-dotazio batek buruan zuen zauri batetik odola dariola zegoen gizon bat aurkitu du Hernaniko Karmelo Labaka kalean. Zaurituak agenteei esan dienez, handik hurbil dagoen taberna bateko gazte batek makila batekin jo du eta telefono mugikorra kendu dio.
Hainbat ertzain berehala joan dira adierazitako tabernara, eta lokalean jendea zegoela egiaztatu dute. Taberna barruan bi pertsona zeuden, eta mahai baten gainean gramo bat kokaina zuten bost poltsatxo eta guztira 1.070 euro zituzten bi diru-zorro ikusi dituzte.
Horrez gainera, tabernan aurkitu dute lapurtutako telefono mugikorra.
Gorputz-miaketa egin diotenean, susmagarrietako bati beste zortzi gramo droga atzeman dizkiote poltsa batean. Agenteek egiaztatu ahal izan dutenez, huraxe zen biktima jo duen pertsona, eta droga-trafikoa eta lesio-delitua leporatuta atxilotu dute, beraz.
Bien bitartean, biktima anbulantzia bateko osasun-langileek artatu dute, eta, ondoren, herriko anbulatoriora eraman dute.
Atxilotuak, 31 urtekoak, polizia-aurrekariak ditu, eta gaur eguerdian eraman dute epailearen aurrera.