Hasi dira Donostiako abiadura handiko geltokia eraikitzeko lanak

atotxa_03.jpg

2020.eko uztailak 08

  • Lanak faseka egingo dira, trenen zirkulazioak trenbide bikoitzean jarraituko du, eta sarbidea Nestor Basterretxea plazatik izango duen behin-behineko geltokia egingo da Tabakalera-Egiako muturrean
  • Gaur egungo oinezkoen pasabidearen ordez, orain arte bezala trenbidearen bi aldeak, Frantzia pasealekua eta Blas de Otero Plazako etxeen atzealdea komunikatuko dituen behin-behineko bat egingo da
  • Obra gehienak trenbideko jabarian egingo direnez, ez dute eragin handirik izango herritarrengan
  • 42 hilabeteko egikaritze-epearekin, Gipuzkoako geltokia hiru euskal hiriburuetako AHTaren lehena izango da

Topografia lanekin eta okupatu beharreko gune bat hesiz ixtearekin abiatu dira gaur goizean Donostian abiadura handiko geltokia eraikitzeko lehen lanak. Horrela, Atotxakoa, euskal hiriburuetan eraikiko diren Euskal Y-aren hiru terminaletatik lehena izango da, eta horren eraikuntza, gainera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, Sustapen Ministerioak 2017an Gipuzkoako tartea gauzatzeko agindua eman ondoren.

Atotxako geltoki berria Norteko Geltokiaren eta Tabakalera ingurunearen egungo arkitekturan integratzen da, eta, aldi berean, hainbat garraiobideren arteko lotura bultzatzen du: aldirietakoak, abiadura handikoak eta autobusak (autobus geltokiak modu independentean funtzionatuko duen arren nabarmen hobetuko da garraiobideen arteko lotura). Eptisa Cinsa - Jon Montero ABEEak sinatutako proiektuak erantzun integrala ematen die Egia eta Erdialdea arteko mugikortasunari eta oinezkoen joan-etorriei.

Obrek 80,4 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) eta 42 hilabeteko egikaritze epea dute, eta tren zerbitzuarekin une oro jarraitzea bermatzen dute. Hori dela eta, lanak hainbat fasetan egingo dira, betiere behin-behineko trenbide bikoitza martxan egon dadin. Lanak mendebaldetik (Urumea aldea) ekialdera (Egia aldea) aldatuko dira, obraren beharren arabera.

Horrela, gaurtik aurrera gauzatu beharreko lehenengo lanak topografia lanak izango dira, obra ezartzeko, okupatu beharreko guneak hesiz ixteko eta bulegoak prestatzeko. Obra gehienak trenbidearen jabari gunean egingo direnez, ez dute eragin handirik izango herritarrengan.

Horietako bat Mundaiz kalea 18 eta 24 zenbakien artean moztea izango da, uztailaren amaierarako; bertan zeuden Autocares Díez enpresaren kotxetegiak eta xaboi fabrika zaharra. Toki horretan prestatuko da trenbideko desbideraketetarako trenbide plataforma. Gune horretan obrara sartzeko puntu bat egongo da, eta  mozketa puntualak egingo dira Federico Garcia Lorca pasealekuko errei batean. Era berean, 950 metro karratuko azalera hartuko da, obrako kanpaleku eta pilaketa lanak egiteko, Epaitegietako plazan, Kalkutako Teresa plazaren ondoan.

Datorren azaroan hasiko da eraikitzen Frantzia pasealekua, egungo geltokiaren eta ondoko hotelaren artean, Blas de Otero plazako etxebizitzen urbanizazioarekin komunikatuko duen behin-behineko oinezkoen pasabidea. Pasabide goratu horrek igogailuak izango ditu irisgarritasuna bermatzeko, eta “Brandeburgoko atearen” atzealdean dagoen gaur egungoa ordeztuko du. Egungoa 2021eko udaberritik aurrera itxi eta eraitsiko da. Egiako lur azpiko igarobidea une horretara arte egongo da irekita. Oinezkoentzako pasabide berria martxan jartzen denean, itxi egingo da, baina hori ere ez da 2021eko udaberria baino lehen izango.

Behin trenbideak egungo terminalera lekuz aldatu eta gero, Tabakalera-Egia aldean behin-behineko geltoki bat eraikitzeko lanak hasiko dira. Nestor Basterretxea plazatik izango du sarbidea, eta behin-behineko nasetara heltzeko aukera emango du. Geltoki berriaren parte bat terminal berriaren behin betiko beheko atari gisa aprobetxatuko da geroago; 7.400 metro karratuko azalera izango du, eta trenbide berrien azpian egongo da. Estalkiak, berriz, Tabakalera eta Egia auzoa Donostiako erdigunearekin lotuko dituen 5.700 metro karratuko plaza handia sortuko du; eta autobus geltokia Abiadura Handiarekin edo aldirietako trenekin ere lotuko du.

Aurreikuspenak betetzen badira, behin-behineko geltokia 2022. urtearen hasieran hasiko da zerbitzua ematen. Jarduketa horri esker, Mendebaldeko eremua libratu ahal izango da, eta, horrela, geltoki berriaren atariaren eraikuntza osatu, behin betiko nasak altxatu eta trenbideen gaineko plaza erabat eraiki. Aldi berean, egungo terminalaren eraikina handituko da, beste bi solairu gehituz, eta markesina zaharberritu egingo da.

Azken urratsak geltokia eta behin-behineko pasabidea eraistea eta behin betiko trenbide zabalgunea bukatzea izango dira.