"Gure aitorpena, osasun-larrialdia gainditzeko eman duzuen laguntzarengatik"

2020.eko ekainak 07

Lehendakariak herritarren zerbitzura Ertzaintzak egin duen, egiten duen eta egingo duen lana aitortu du erakunde-adierazpen batean, zerbitzuan hildako ertzainen omenaldi-egunean

 

Vitoria-Gasteiz, 2020 ekainak 7.

Iñigo Urkullu lehendakariak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Museoko “Hemen Gaude” gunea hautatu du aurten, zerbitzuan hildako ertzainak gogoratzeko eta omentzeko eta euren lanarengatik saritu eta zoriondutako agenteei aitorpena adierazteko erakunde-adierazpena egiteko. COVID-19aren pandemiak, alarma-egoerak eta ezarri beharreko urruntze sozialeko neurriek eragindako egoeraren ondorioz atzeratu egin behar izan da ekaineko lehenengo igandean egin ohi den urteroko ekitaldia, eta horren ordez erakunde-adierazpena egin du lehendakariak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak lagunduta.

 

Orain dela urtebete inauguratu zen Arkauteko Museoan ETAren biktima izandako ertzainak betiko gogoan izateko “Hemen Gaude” gune berria, eta lehendakaria Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara itzuli da Ertzaintzak herritarren zerbitzura egin duen, egiten duen eta egingo duen lana aitortzeko.

 

“Osasun publikoaren arloan dugun egoera berezi honek eragindako zailtasunek areagotu egiten dute egun honen garrantzia, eta, alde batetik, eredugarri diren polizia-ekintzen meritua aitortu nahi dut eta, bestetik, bizirik mantendu nahi dut zerbitzuan hildako ertzainek utzitako lekukotasuna”, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak ETAren biktima izandako ertzainen omenez dagoen suontziaren aurrean.

 

Erakunde-adierazpenean, lehendakariak aintzatespena adierazi dio Ertzaintzari, “osasun-larrialdi hau gainditzeko egindako lanarengatik, oinarrizko zerbitzuen bidez emandako laguntzarengatik, senitartekoak bat-batean galdu dituzten hainbat eta hainbat familiaren saminaren aurrean erakutsitako hurbiltasunagatik eta elkartasunagatik eta Zaldibarren Alberto eta Joaquín bilatzeko operatiboan egiten ari zareten lanarengatik”.

 

Horrela, Urkulluk bat egin du Segurtasun Sailaren aitorpen publikoarekin, garai hauetan “asko ari gara ikasten” esanez. “Orain badakigu egoera zenbat eta zailagoa izan, orduan eta eraginkorragoa, erabakigarriagoa eta solidarioagoa izaten ari dela erantzuna. Eskerrak eman nahi dizkizuegu herritar guztiei eta Euskadiko Polizia eta Larrialdi Zerbitzuetako kideei”.

 

Erakunde-adierazpena irakurtzeko ekitaldian lehendakariarekin batera egon dira Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua.

 

Txema Lanzagorta, Maxi Conde eta José Agustín Larrinaga ere, hirurak ASERFAVITE (Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkartea) elkarteko kideak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izan dira gaur eguerdian egun seinalatu honetan euren lankideak gogora ekartzeko.

 

Gogoan izan behar da egungo osasun-egoeraren ondorioz bertan behera utzi behar izan dela ETAren biktima izandako 15 ertzainak omentzeko, eta ASERFAVITE-Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkartearekin adostuta, ekaineko lehenengo igandean urtero egitea erabaki zen omenaldi-ekitaldia; ekitaldi horretan dominak ere banatzen zaizkie Ertzaintzaren izenean egindako lanarengatik eta polizia-jarduketengatik nabarmendu diren ertzainei.

 

Oraingoan bereizgarri gorriko sei domina, bereizgarri berdeko beste sei eta bereizgarri zuriko lau ziren banatzekoak, eta zerbitzuan garrantzi bereziko ekintzak burutu dituzten 22 agente zoriondu behar zituzten, dagozkien espediente pertsonaleko oharren artean jardun horiek agertzea merezi dutela eta.

 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gutun baten bidez jakinarazi die Ertzaintzako unitate-buruei, domina edo zorion-adierazpena jaso behar zuten ertzainei, sindikatuei eta ASERFAVITE elkarteari, egoerak ahalbidetzen duenean jakinaraziko dietela noiz eta non egingo diren dagozkion aitorpen-ekitaldiak. Idazki horretan bertan, Segurtasun Sailaren arduradunak bere begirunea helarazten die omenduei, eta adierazi die “ziur gaude elkarrekin lan eginez egoera positibo eta hoberantz egingo dugula aurrera

 

 

 

 

 

 

 

 

(*) Ertzaintzaren kondekorazioen araubidea

Kondekorazioen egungo araubidea urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan jasota dago. Dekretu horrek arautzen du Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena.

Kondekorazioei eta aintzatespenei dagokienez, Dekretuak polizia-lana aitortzeko hiru domina –bereizgarri gorrikoa, bereizgarri berdekoa eta bereizgarri zurikoa– eta bi diploma-mota –bereizgarri gorrikoa eta bereizgarri zurikoa– finkatu ditu.

Polizia-lana aitortzeko bereizgarri gorriko domina ematen da ezohiko jardunak saritzeko edo agenteek beren bizitza arriskuan jarrita burutzen dituzten jardunak saritzeko; bereizgarri berdekoa ematen da bizia arriskuan jarri gabe egin diren garrantzizko egintzak saritzeko; eta, azkenik, bereizgarri zurikoak aitortzen ditu polizia-zereginetan nabarmentzen direnen ereduzko jokabideak edo Ertzaintzaren izen ona hedatzen duten azterketen edo lan zientifikoen egileen ereduzko jokabideak. Laugarren domina, bereizgarri urdina duena, ematen zaie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdi-zerbitzuetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta abar, Ertzaintzaren zereginekin lotzen diren merituzko jardunak egiteagatik.

Diplomek, bestalde, ertzainen ibilbide profesional osoa saritzen dute. Bereizgarri zurikoa ematen da zerbitzuan, diziplina-faltarik gabe, hogei urte eman ostean, eta bereizgarri gorrikoa hogeita hamar urte betetzean.