Gripeak gora egin du pixka bat asteon, Euskadin

2020.eko urtarrilak 03

Azken aste honetan, intzidentzia-tasa 75,2 kasukoa izan da, 100.000 biztanleko

 

Gripe-jarduerak, Euskadin, hazten jarraitzen du, baina pixkanaka. Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak dakarrenaren arabera –abenduaren 23tik 29ra bitartekoa–, intzidentzia-tasa 75,2 kasukoa izan da, 100.000 biztanleko; zifra hori aurreko astean (64,2) erregistratutakoa baino pixka bat handiagoa izan da, baina gripe-jarduerak jarraitzen du baxua izaten, oraingoz.

Gainera, 2019-2020ko gripe-denboraldia hasi zenetik, Osakidetzako lehen mailako arretak, orain arte, gripe-sindromeagatiko 821 kontsultari eman die arreta, eta egiaztatutako gripea izan duten 120 ospitalizazio jakinarazi dira; haietatik, 49k larritasun-irizpideak izan dituzte. Era berean, denbora horretan, zazpi pertsona hil egin dira gripeak eragindako konplikazioengatik; haiek guztiek arrisku-faktoreak zituzten edo 64 urte baino gehiago zituzten.

 

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da; beraz, ez da egokia antibiotikoekin tratatzea. Antibiotikoek ez dute eraginkortasunik birusaren aurrean. Oso kasu zehatzetan baino ez, eta, betiere, medikuak hala aginduta hartuko ditugu.

Gaixotasun deseroso horrek, herritar osasuntsuentzat onbera denak, ez du tratamendu berezirik. Gripeari aurre egiteko, komeni da atseden hartzea, likido ugari eta antitermikoak hartzea, sukarra eteteko. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu.

Gripeak transmisio- eta kutsadura-indize handia duenez, garrantzitsua da higiene-neurriak hartzea, besteak beste: eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 3a