Gotzone Sagardui eta Beatriz Artolazabal sailburuek Perura Covid-Aren larrialdiari erantzuteko bidaiatu zen euskal osasun-arloko ordezkaritzari egin diote harrera

2020.eko azaroak 06

  • Guztira, 14 profesional sanitariok parte hartu zuten uztailean abian jarri zen esku-hartze humanitario horretan

Gotzone Sagardui sailburuak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Bilbon, pasa den uztailean Perura lankidetza-bidaia hasi zuten 14 euskal sanitariori harrera egiteko ekitaldian parte hartu dute; bidaia haren helburua Loreto eta San Martín departamentuetan, Peruko oihanean, Covid-aren ondorioz gertatzen ari ziren heriotza-tasa eta erikortasun-tasa handiegiak murrizten laguntzea zen.

Sagardui sailburuak nabarmendu du harro dagoela behartsuenen osasunarekin konprometituta dauden pertsonak inguruan izatearren, nahiz eta pertsona horiek Euskaditik milaka kilometrotara egon. “Osakidetzak lortu duen arrakasta eta izen ona, neurri handi batean, hura osatzen duten gizon eta emakumeen giza kalitatearen eta profesionalaren ondorio da", esan du.

Harro agertu da, halaber, Beatriz Artolazabal sailburua, eta Eusko Jaurlaritzaren, Osakidetzaren, Médicos Sin Fronteras-en eta Garapenerako Euskal Agentziaren arteko aliantzaren balioa nabarmendu du. “Legegintzaldi honetan, berrikuntzaren eta aliantzen eraikuntzaren ardatzak funtsezko errferentziatzat dituen lankidetzaren aldeko apustua egingo dugu”.

Pasa den uztailaren 9an, Euskaditik lehen osasun-taldea abiarazi zen; taldea 6 pertsonak osatzen zuten (5 Osakidetzakoak eta 1 Aragoiko Osasun Zerbitzukoa), eta, egun batzuk geroago, Euskadiko beste 8 profesional gehiagok osatu zuten. Taldeak Covid-19aren kasuen maneiu klinikoan esperientzia zuzena du eta osasun-materialaz hornituta dago; alegia, arnasgailu, aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako ekipo, fluxu handiko ekipo, monitore, medikamentu eta NBEez.

Esku-hartze hori 2020ko ekainean hasi zen; orduan bideratu zien Médicos Sin Fronterasek zenbait gobernuri osasun-lankidetzarako eskaera, Latinoamerikan pandemiari aurre egiteko.  Eusko Jaurlaritzak erantzun egin zuen eta, pandemiak Perun izan duen bilakaera ikusita eta bertako agintarien antolamendua ikusita, horrelako jarduketa baten egokitasuna ebaluatu zen. Hilabete geroago, Peruko Osasun Ministerioak Lehendakariari formalki eskatu zion Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jarduteko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak Médicos Sin Fronteras erakundearekin batera esku-hartze humanitario hori prestatu zuen, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren artean koordinatuta.

Esku-hartze horrek berriro ere erakusten du Euskadik duen espiritu solidarioa, baina, batik bat, euskal profesional sanitarioen taldearen konpromisoa.