Gobernu Kontseiluak ustelkeriaren kontrako bulegoa sortzeko EH Bilduren proposamenaren kontrako irizpidea adierazi du (Gobernu Bilera 2020-10-13)

2020.eko urriak 13

 

 

Eusko Jaurlaritzaren aburuz Euskadik baditu indarrean tresna juridiko eta instituzionalak euskal administrazio publikoetan gardentasuna sustatzeko eta ustelkeriari aurre egiteko. Horrenbestez, EH Bildu legebiltzar-taldeak jardunbide egokietarako eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko egindako lege-proposamena kontuan hartzearen kontrako irizpidea azaldu du. 

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Gobernantza Publikoa eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik proposatuta, erabaki du bideriz ez ematea jardunbide egokietarako eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamenari. Euskal administrazioek badituzte jadanik fiskalizazio eta ekonomiaren eta aurrekontuen kontrolerako barne tresna nahikoa. Era honetan, halaber, bikoizkeriak saihestu ahal dira. 

Gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ere begirale eta kontrol lanetan dihardu; baita Estatuko Kontuen Epaitegia ere, kontabilitate erantzukizuna epaitzearekin lotutako eginkizunetarako. Horretaz gainera, hor dago Arartekoa, autonomia, foru eta herri administrazioen funtzionamendua ikuskatzen duen erakundea, Estatuko Herri Defendatzailea, berari dagozkion eskumenetan, eta baita Datuak Babesteko Euskal Bulegoa. 

Azkenik, gardentasun eta fiskalizazio betebehar honekin lotuta, garrantzizkoak dira kargu publikodunen Kode Etikoa eta Jokabidezkoa, Etika Publikoko Batzordea eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea. Esan gabe doa, hor daudela Euskadin zigor-arloko jurisdikzioa osatzen duten organo judizialak eta Fiskaltza bera.

Lege proposamenak ez du aintzat hartzen ustelkeriaren kontrolarekin zerikusia duen erakunde-sare trinkoa, ezta proposatzen den erakunde berri horrek sor ditzakeen erredundantziak ere. Horrek organoak bikoiztea ekarriko luke eta eraginkortasuna kaltetu. Gainera, EH Bilduk proposatzen duen ereduak gehiago erreparatzen dio antolaketa-egitura berriak egitearen garrantziari, eta ez hainbeste gardentasunaren eta gobernu onaren printzipio eta balioari.