Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzak Euskadin Thinking Fadura proiektua aukeratu du herritarren partaidetzaren eremuan ezagutza transferitzeko

Argitalpen-data: 

Getxo Kirolak-en kasuan, ekimenak herritarren partaidetzan zer-nolako eragina duen aztertzea du xede

Thinking Fadura

OGP Euskadik Thinking Fadura Getxo Kirolak-ek Fadura kirol-parke berria diseinatzeko herritarren laguntzarekin sustatu duen proiektu pilotua aukeratu du, herritarren partaidetzak herri-administrazioen barne-egituran zer-nolako eragina duen aztertzeko.

Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzak (Open Government Partnership – OGP) gobernu irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak izaten laguntzeko proiektuak sustatzen ditu, eta gobernantzari eta gardentasunari dagokionez erreferentziazko erakunde bat da nazioartean. 2018az geroztik, munduko beste 19 eskualderekin batera Euskadik ere proiektuan parte hartzen du, Eusko Jaurlaritzak, EAEren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, hiru hiriburuek eta zenbait udalerrik eratutako OGP Euskadi partzuergoaren bitartez, gobernu irekiaren jardunari buruz ikasi eta hausnartzeko xedez.

OGP Euskadiren OGP Euskadi jarduera-ildoetako batek herritarren partaidetza du oinarritzat, eta, horren barruan, Thinking Fadura proiektua aukeratu dute, berrikuntzako laborategiaren ikuspegitik nola funtzionatzen duen ikusteko, Euskadin partaidetza-prozesuetan ezagutza transferitzeko balio dezaketen esperimentazioaren eta ikasketa-prozesuen bitartez.

Ezagutzaren transferentzia-ardatzak aztertzeko hainbat adierazle erabiliko dira, herri-administrazioek herritarren partaidetzan duten inplikazio-maila, proiektuetan parte hartzen duten teknikarien asebetetze-maila eta herritarrekin lankidetza-eremuetan lortutako produktuen kalitatea neurtzeko.

 

Ezagutza transferitzeko lehen proiektua

Getxo Kirolak-ek azken urtean proiektuak lehenesteko metodologia bat garatu du, Fadura itxuraldatuko duten jarduerak, 30etik gora direnak, zer ordenean burutuko diren zehazteko. Esperimentazio eta ikasketako dinamiken bidez gauzatuko dira, eta, modu horretan, prozesuaren garapen osoa hobetzeko ezagutza transferitzea posible izango da.

Getxo Kirolak-ek aste honetan bertan abian jarri du Fadurako eraikin nagusiaren bigarren solairuko altzariak berritu eta eremua hobetzeko proiektua, ekonomia zirkularraren irizpideei eta herritarren laborategi-metodologiei jarraikiz. Laborategi hori lehen saiakuntza-bankua izango da, eta mekanismo bat garatuko du, ondoren OGP Euskadik aztertuko duena, herritarren partaidetzak Getxoko Kirolaken barne-egituran zer-nolako eragina duen ebaluatzeko.

Thinking Faduraz gainera, erakundeak beste hiru prozesu hauek izango ditu aztergai: Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu partizipatiboak; migratzaileen inplikazioa partaidetza sozialean, Bilboko Udalak sustatua; eta osasun eta ongizate eragile gisa herritarren partaidetza neurtzeko sistema, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak abian jarritakoa.