Giza Eskubideen René Cassin sariaren deialdia egin dute (Gobernu Bilera 2020-09-29)

fotoconsejo.jpg

2020.eko irailak 29

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du René Cassin sariaren aurtengo deialdia egitea. Sari hori Jaurlaritzak ematen du Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez.

Sari horren helburua da publikoki goraipatu eta saritzea ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin gure gizartean giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.

12.000 euroko diru-zenbatekoak eta ohorezko aipamen batek osatuko dute saria eta alor horretan nabarmentzen diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuek jaso dezakete saria.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.

Saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 2003an eta Rene Cassin jaunaren oroimenez ezarri zen sariaren izena. René Cassin Baionan 1887an jaiotako legelari eta epaile bat izan zen, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zena 1948an, eta 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten; Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen Nobel saria.