Gaur gauerdian emango zaio hasiera Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainari

2020.eko ekainak 25

Hautagaitza bakoitzak gehienez 1.601.982,42 euro gasta dezake

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtalariak 25

Gaur gaueko hamabietan emango zaio hasiera datorren uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetako hauteskunde-kanpainari, eta datorren uztailaren 10eko gauerdira arte luzatuko da kanpaina. Epe horretan, alderdiek, koalizioek, federazioek eta hautesle-elkarteek herritarren botoa bereganatzeko jarduerak egin ahal izango dituzte, publizitate, propaganda, mitin eta bestelako jardueren bitartez. Hauteskunde-egunaren ondoren, hautagaitzek hamabost eguneko epea izango dute kartelak eta propaganda arrastoak kentzeko. Hiru herrialdeetan aurkezten diren hautagaitzetarako 1.601.982,42 euroko gehieneko gastua finkatu da.

 

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak honela definitzen du hauteskunde-kanpaina: botoa bereganatzeko legezko jardueren multzoa. Lege horrek berak adierazten du jarduera horiek hautagaiek, alderdiek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek soilik egin ditzaketela.

 

Hauteskunde-kanpainan, hautagaitzek titulartasun pribatuko egunkarietan eta irrati-etxeetan publizitatea txertatzea kontrata dezakete. Kontzeptu horren ondorioz egiten diren gastuek ezin dute guztizko mugaren % 20 gainditu. Kanpaina-egintzei dagokienez, erabilera publikorako zabalik dauden lokal ofizialetan egin beharko dira egintzak –dohainik lagako dira xede horretarako–. Udalak arduratuko dira barrutien katalogoak prestatzeaz eta eguneratzeaz, baita horien erabilera lagatzeko organismo titularren aurrean bidezko kudeaketak egiteaz ere.

 

Segurtasun Sailak kanpaina honetarako gehieneko gastu hau ezarri du alderdientzat: 356.683,21 euro Araban; 716.720,01 euro Bizkaian eta 582. 579,20 euro Gipuzkoan. Hiru lurralde historikoetan aurkezten diren taldeek ezin izango dute 1.601.982,42 euroko zenbatekoa gainditu.

 

Propagandarako espazioak

Udalaren erantzukizuna da, halaber, doako propaganda grafikoa jartzeko berariazko lekuak (zutabeak, hesiak, kabinak...) izendatzea. Legeak guztiz debekatzen du xede horretarako esleitutako kokalekuetatik eta espazioetatik kanpo orotariko pintadak egitea. Bestalde, ezin izango dira banderatxoak, pegatinak, zintak edo antzeko bestelako elementuak jarri trafiko-seinaleetan edo hiri-seinalizazioko beste edozein puntutan; ezin izango da Udalak adierazitako kokalekuetatik kanpo propaganda grafikoa jarri, ezta lurrean finkatutako tripoderik, banderatxorik edo pankartarik jarri ere. Era berean, debekatuta dago kalean panfletoak botatzea.

 

Baimendutako espazioen banaketa eskualdeko hauteskunde-batzordeei dagokie. Hartara, hautagaitza guztiek azalera bera eta antzeko baliagarritasuna izango dute erabilgarri dauden kokalekuetako bakoitzean.

 

Aurrez aditzera eman diren doako propaganda grafikoa jartzeko lekuez gain, taldeek kartelak eta bestelako hauteskunde-propaganda jar dezakete Udalek baimendutako merkataritza-espazioetan. Hautagaitzek publizitate mota horretan egiten duten gastua ezin izango da gehieneko hauteskunde-gastuaren % 25etik gorakoa izan.

 

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeak 79. artikuluan xedatzen duenez, Udalak 6.000 eurorainoko zehapena ezarriko du hautagaitzek edozein motatako propaganda grafikoa jartzeagatik eta baimendu gabeko lekuetan inprimaketak egiteagatik.

 

Osasun-jarraibideak

Era berean, kontuan hartu behar dira Osasuneko sailburuordearen 2020ko ekainaren 1eko ebazpenean jasotako jarraibideak, hauteskunde-kanpainako ekitaldietarako tokiei eta ekitaldiei buruzkoak:

1.- Udalek hauteskunde-karteletarako tokiak eta kanpaina-ekitaldietarako lokal eta leku publikoak zehazteko, udalerri bakoitzean erabilgarri daudenak hartuko dira kontuan, hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak eta osasun-agintariek higiene eta osasun-baldintzei eta okupazioari buruz xedatu dezaketenak horiek benetan erabiltzea baldintzatzea.

2.- Alderdi politikoek araudiak eta osasun-agintariek unean-unean pertsona kopuru jakin bat baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi publikoei buruz planteatzen dituzten eskakizunetara egokitu beharko dituzte hauteskunde-kanpainako ekitaldi publikoak. Babes kolektibo eta indibidualeko neurriak hartzeari kalterik egin gabe, behar diren doikuntzak egingo dira ekitaldien antolaketari dagokionez (sarbideak, fluxuak, bertaratzen diren pertsonak eserita edo bereizita ezartzea eta horien irteerak), edukieratik gorako pertsona-kopuruak edukitzeko arriskua eta segurtasuneko gutxieneko distantziak gordetzea arriskuan jar ditzaketenak saihesteko.

3.- Hauteskunde-ekitaldietan, ondorengo hauek saihestuko dira:

  1. a) Kontaktu pertsonala, ezarritako segurtasun-distantzia une-oro mantenduz.
  2. b) Edozein objektu edo liburuxka eskura ematea.

4.- Ekitaldien antolatzaileak edo udalak -horiek egiteko baimena emanez gero- arduratuko dira ekitaldien guneak eta lekuak behar bezala garbitzeaz eta desinfektatzeaz, indarrean dagoen araudian eta osasun-agintarien jarraibideetan ezarritakoaren arabera.

5.- Lokal itxietan egiten diren hauteskunde-ekintzetan, gel hidroalkoholiko birizida baimenduak jarriko dira sarreran, eta erabiltzeko moduan egon beharko dute beti; irteeran, berriz, eskuz eragitekoak ez diren zabor-ontzi tapadunak egongo dira, eta zabor-poltsa ere edukiko dute.

 

Hamabost egun propaganda kentzeko

Legeak behartuta, talde politikoek haien propaganda grafikoa kendu beharko dute jarri zuten lekuetatik. Hauteskundeak egin, eta hurrengo hamabost egunen barruan kendu beharko dute. Hala egin ezean, udalek kenduko dituzte kartelak, eta lan horren ondoriozko gastua kenduko zaie hautagaitza arau-hausleei hauteskundeetako diru-laguntzetatik.

 

Bestalde, hauteskundeetan parte hartuko duten talde politikoek eskubidea dute hauteskunde-kanpainan espazio jakin batzuk dohainik erabiltzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko hedabide publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoren esparrura mugatutako Estatuaren titulartasunpeko hedabide publikoetan. Talde bakoitzak aurreko autonomia-hauteskundeetan lortutako boto kopuruaren arabera banatzen dira espazio horiek.

 

Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordeak du hauteskunde-propagandako doako espazio horiek banatzeko eskumena. Haren zuzendaritzapean Irrati eta Telebista Batzorde bat dago, banaketa-proposamena egiten duena. Batzorde horretan hauteskunde hauetan parte hartzen duten eta aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten taldeen ordezkariak daude.

 

Titulartasun publikoko eta pribatuko hedabideetako antolakundeek bermatuko dute informazioaren neutraltasuna eta hedabide horien pluraltasun politikoarekiko eta sozialarekiko errespetua informazio gune guztietan, betiere informazio-askatasuna galarazi gabe.