Gaixotasun kronikoak zituen 90 urteko gizon bat hil da koronabirusarekin

2020.eko martxoak 07

  • Osasun Sailak 25 koronabirus kasu berri detektatu ditu Euskadin
  • Osasun Saileko epidemiologia-taldeek 3 foku identifikatu dituzte Araban, kontaktuen jarraipen epidemiologikoko lanari esker 
  • Osasun Sailak gomendioei jarraitzeko eskatu die herritarrei berriz ere

 

Osasun Sailak gaur jakin du 90 urteko gizon bat hil dela Araban. Gizonak gaixotasun kronikoak zituen, eta Txagorritxuko Ospitalean zegoen, isolatuta, positibo eman zuelako koronabirusean, orain arte jakinarazi den bezala.

Euskadik COVID 19 birusaren 25 kasu berri antzeman ditu azken orduetan, honela banatuta: 20 gehiago Araban eta 5 gehiago Bizkaian.

DATU EGUNERATUAK

Araban, 20 positibo gehiago izan dira, beraz, 53 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 18 ospitalean daude. Gaur jakinarazi da hildako bat izan dela lurralde horretan.

Gipuzkoan, egoera berdin jarraitzen du, eta 2 kasu positibo mantendu dira, horietako bat ospitaleratuta.

Bizkaian, 5 kasu berri gehitu dira, beraz, guztira 15 kasu positibo daude. Lurralde horretan 9 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.

Horrela, Euskadik 70 koronabirus kasu positibo atzeman ditu guztira, horietatik 28 ospitalean daude, 4 ZIUn.

 

JARRAIPEN EPIDEMIOLOGIKOA

Osasun Saila eta Osakidetza hasiera-hasieratik ari dira koronabirusean positibo gisa diagnostikatutako pertsonen gertuko kontaktuen jarraipena egiten.

Jatorria hobeto zehaztu ahal izateko, identifikatutako foku bakoitzaren kurba epidemikoak aztertzen ari dira Jaurlaritzako epidemiologiako adituak.

Hala, kasuen gorakada egon arren, bereziki Araban, epidemiologiako taldeek lanean jarraitzen dute euste-fase horretan, birusa zabal ez dadin.

Nekane Murga sailburuak Arabako Osasun Publikoko ordezkaritza bisitatu du gaur goizean, lurralde horretako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren, Donostiako egoitza ere bisitatu du, Bizkaiko egoitzarekin batera, Arabako lankideei laguntza eskaintzen ari dena.

AHOLKU-SANITARIOAK JASOTAKO DEIAK

Osakidetzako Aholku-Sanitarioa da balizko susmoen deiak jasotzen ari den erakundea. Sailburuak eskerrak eman dizkie bertako profesionaleei, egiten ari diren lanagatik; izan ere, 10 egunetan 2.100 dei baino gehiago jaso dituzte koronabirusaren inguruan. Ildo horretan, sailburuak dei egin die herritarrei zerbitzu horretara egindako deiak asistentzia-beharren aurrean soilik izan daitezen. Coronavirusari buruzko zalantzak argitzeko, informazioa Osakidetzaren eta Osasun Sailaren webgunean dagoela adierazi du.

ELKARTASUNA

Euskadik osasun erabilerarako maskara eskaera zabala zuen, eta Ministerioarekin harremanetan dago material hori behar duten hainbat erkidegok egindako eskaera dela eta. Elkartasuna, une honetan, Euskadik mantentzen jarraituko duen funtsezko balioa da.

HERRITARRENTZAKO INFORMAZIOA

Osasun Sailak azpimarratu du beharrezkoa dela orain arte emandako gomendioak hedatzea. Hots:

 

 (1) Arrisku-eremu batera joan den eta sintomak dituen orok etxean egon behar du, eta 900 20 30 50 zenbakira deitu.

 (2) Higiene-neurriak, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.

(3) Sintomak dituzten pertsonek hobe dute adinekoekin edo immunodeprimituekin kontaktuan ez egotea.

 

Informazio gehiago Osasun Sailaren web-orrian: http://www.euskadi.eus/koronabirus-berriaren-aurrean-euskadin-jarduteko-informazioa-eta-gomendio-orokorrak/web01-a2gaixo/eu/