Euskotrenek ekainaren 8ra aurreratu du udako ordutegiaren hasiera tren-, metro- eta tranbia-linea guztietan

horario-verano-euskotren.jpg

2020.eko ekainak 04

  • Tren-zerbitzuetan, eskaintza areagotu da erabiltzaileen mugikortasun-beharrei modu efizienteagoan erantzuteko.
  • Aldaketek Usansoloko Ospitaleko anezkari ere eragingo diote, eta autobus-zerbitzua tren-zerbitzu berrira egokituko da.
  • Gainera, ekainaren 6tik (larunbata) aurrera, asteburuetako zerbitzuen % 100 berreskuratuko da, gaueko trenak izan ezik.

Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Publikoak, udako ordutegia jarriko du abian ekainaren 8an tren-, metro- eta tranbia-zerbitzuetan (Bilbon eta Gasteizen), Usansoloko Ospitaleko tren-autobusa barne.

Udaren helduerarekin, Euskotrenek bere eskaintza egokituko du udarekin lotutako mugikortasun-beharrak asebetetzeko. Horrela, ohiko tren-zerbitzua indartuko da hondartzak dituzten kostako udalerrietarako lekualdatzeak errazteko. Aurten, bizi dugun egoera kontuan hartuta, Euskotrenek udako zerbitzuak aurreratzea erabaki du modu efizienteagoan erantzuteko gure erabiltzaileen mugikortasun-beharrei.

Kostaldeko lekualdatzeetarako, tren-eskaintza handitu da Debabarrenan, Debako hondartzarako sarbidea errazteko; gainera, indartuko egingo dira asteburuetako eta jaiegunetako zerbitzuak Urdaibain (Bilbo-Bermeo zerbitzua), Kostaldean (Donostia-Zumaia) eta Donostiarako Topoan (Irun-Amara eta Altza-Amara).

Ekainaren 8an geltokiaren eta Usansoloko Ospitalearen arteko tren-autobus zerbitzuaren ordutegia ere aldatuko da, eta autobusen irteera eta helduerak trenen igarotze-ordura egokituko dira. Lanegunetan, astelehenetik ostiralera, autobusek 58 zirkulazio egingo dituzte Ospitaletik, eta 59 Usansoloko geltokitik. Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 32 zirkulazio Ospitaletik eta 32 geltokitik.

Eskaintza COVID-19ak eragindako egoeran zehar abian jarritako neurrietara egokitzeko prozesuan, erabiltzaileen eskariari jarraikiz eta gure udalerrien arteko mugikortasuna errazteko asmoarekin, Euskotrenek ahaleginak egin ditu udarako zerbitzuaren hasiera aurreratzeko.

Tranbien kasuan, hau izango da Gasteizko zerbitzu berriak Unibertsitateraino izango duen lehen uda, ohiko maiztasunari eutsiz. Bilbon, ekainaren 8tik aurrera (astelehena), zerbitzu bat eskainiko da 15 minuturo, bai lanegunetan eta bai asteburu eta jaiegunetan ere.

Gainera, ildo horretatik, asteburu honetan, ekainaren 6an eta 7an (larunbata eta igandea), larunbatetako, igandeetako eta jaiegunetako ohiko maiztasuna eskainiko da (zerbitzuaren % 100). Hori bai, COVID-19a dela-eta gehituta bi ezohiko neurriri eutsiko zaie: ez da gaueko zerbitzurik eskainiko, eta itxita egongo da Hendaiako Topo geltokia (Topoa Lasarte Oria eta Irun Ficoba artean ibiliko da, bi noranzkoetan).

Euskotrenek bere tren- eta tranbia-zerbitzuen (Bilbo eta Gasteiz) eta Larreinetako funikularraren bidez bisitatu daitezkeen interes turistikoko lekuei buruzko informazio praktikoa jaso du bere webgunean: hondartzak, padurak, museoak, parke naturalak, Euskadiko udalerrietako alde zaharrak, dorretxeak, ermitak, Zumaia eta Debaren arteko Flysch gunea, portuak, arrantzale-herriak, pasealekuak, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, etab.

Horrez gain, gogorarazten dugu joan den ekainaren 2tik posible dela Azpeitiko Burdinbidearen Museoa (Gipuzkoa) bisitatzea, zeinak lurrinezko trenen zerbitzuak eskaintzen dituen larunbat, igande eta jaiegun guztietan (astelehenak izan ezik).

Informazio gehiago honako baliabide hauetan: 944 333 333 telefonoa, www.euskotren.eus, @euskotren eta Euskotrenen aplikazio ofizialean.