Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu dute, euskal emakume zinegileen proiektuak sustatzeko prestakuntza eta laguntzarako programa

Argitalpen-data: 

20200115_Noka_Mentoring.jpg

- 2020 urtean zehar aukeratuko diren 3 proiektu zinematografikoek ospe handiko mentoreen laguntza eta aholkularitza jasoko dute. 

- Proiektuak aurkezteko deialdia otsailaren 1etik 28ra egongo da zabalik.

- Hautatutako zinemagileek 4.000 €-ko laguntza ekonomikoa jasoko dute proiektua garatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programa aurkeztu dute gaur, euskal emakume zinegileen presentzia eta ikusgaitasuna sustatzera bideratutako ekimena. Noka Mentoringen helburua Euskadin eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak tutorizatu, lagundu eta akonpainatzea da. Bigarren edizio honetan, Tabakalerak hartuko du bere gain proiektuaren antolaketa, eta zine eta ikus-entzunezko arloaren garapen-programen artean ez ezik, Donostia Zinemaldia (SSIFF), Euskadiko Filmategia eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera osatzen duen erakunde- eta profesional-sarean ere txertatuko da.

Gaur goizean egin da ekimenaren aurkezpena Tabakaleran, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Tabakalerako utoren zuzendari Clara Montero eta zinea eta ikus-entzunezko programaren arduradun Victor Iriarteren eskutik. Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; horrez gain, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiten ere lagunduko diete, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren utor laguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletakoak.

Nazioarteko tutoretzak

Prozesu osoan hiru tutore egongo dira, eta horiek hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute programa osoan zehar. Hiru utoren profilek lotura zuzena izango dute zinema-sorkuntzarekin. Mentoringean bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.

Hautatutako hiru zuzendariek Nokak eskainitako programan parte hartu ahal izan dezaten eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan gara ditzaten, horietako bakoitzak 4.000 €-ko laguntza ekonomikoa jasoko du.

Deialdia

Noka Mentoring Euskadin eta Nafarroan jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeko proiektuak dituzten zuzendari berriei zuzenduta dago (lehen edo bigarren filma).

Zuzendari talentudunak eta begirada zinematografiko propioa garatzeko gogoa dutenak babestu nahi dira Noka Mentoring proiektuarekin, bilaketa-prozesua obraren zati gisa ulertzen dutenak, zirriborratzen hasi diren irudi eta soinu horien zergatiari buruzko galderak egin nahi dituztenak, beren proiektuetan dimentsio artistiko eta sortzailea ez ezik zinemaren industrian eta prozesu profesionaletan parte hartzeko beharra integratzen dituztenak, beren film-proiektuek zinearen hiru garaiekin, iragana, oraina eta etorkizunarekin, elkarlotzeko aukera dutenak.

Zinema tradizio artistiko baten parte dela eta, aldi berean, ahots berriak behar dituen industria baten parte dela ulertzeko, begirada anitzen aberastasuna bilatzeko, exigitzeko jarrera hori baloratuko da proiektuak aztertzerakoan.

Zine-ekosistema

Noka Mentoring Tabakaleran zinemagintzan aritzen diren erakundeek partekatutako programetan dagoeneko aktibatuta dagoen sare profesionalean eta prestakuntzakoan sartuko da.

Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroan euskal zinemaren ondarea kontserbatzen eta eguneratzen duen Filmategia dago; baita A kategoriako nazioarteko zinema-jaialdi bat ere, bere programetan industria, merkatua eta sorkuntza garaikidea integratzen dituena; zinema-eskola bat, prestakuntzaren esparruan aitzindaria eta bakarra dena, eta bere hiru espezialitateetan (artxiboa, komisariotza eta sorkuntza) iraganaz, orainaz eta etorkizunaz galdetzen duena; eta zine-pantaila partekatu bat eta erakunde ezberdinen artean egindako zine-proiektuen garapen programak koordinatzen dituen proiektu kulturala.

Egunero eta elkarrekin, zinemagatik eta zinemarentzat lan egiten duen testuinguru profesional hori da Noka Mentoring programaren fase berri honetako balio bereizgarririk handiena, beste programa batzuekin alderatuta.

Aukeratutako emakumezko zuzendariek, beraz, talentu zinematografiko berria sustatzeko Tabakalerak egiten duen lan partekatuko sistema honetan parte hartu ahal izango dute. Horri esker, aukeratutako hiru zuzendariek Tabakalerako pantaila partekatuko zinema-saio guztietara doan sartzeko aukera izango dute programak irauten duen denbora guztian.

Halaber, EQZEko zuzendaritza akademikoarekin bilduko dira, beren proiektuen eta eskola-egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilabeteetan zine-eskolan egingo diren tailer eta klaseetara ikasle gonbidatu gisa joateko aukera aztertzeko.

Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostia Zinemaldiaren 2020ko ediziorako (2020ko irailaren 18tik 26ra) eta, beraz, jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori programan sartuko da, prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa.

Proiektuak aurkeztea

Proiektuak jasotzeko epea 2020ko otsailaren 1etik 28ra egongo da zabalik. 2020ko martxoaren 6an jakinaraziko dira programan parte hartzeko hautatu diren hiru proiektuak. Hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Amaia Serrulla SSIFFko ordezkari gisa, Maider Oleaga zinema zuzendari eta EQZEko irakaslea, eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea, zentroaren ordezkari gisa.

Uztailaren 1erako, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eskaintzen duten Ikusmira Berriak zine-proiektuak garatzeko egonaldi artistikoen deialdira aurkezteko prest egon beharko dute proiektuek. Ikusmira Berriak programaren deialdia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik, eta Noka Mentoring programaren helburuetako bat hiru proiektuak prestatzea da, deialdi horretara baldintza onenetan aurkeztu ahal izan daitezen.

Interesa duten emakume zinemagileek Tabakalerako webgunean aurkituko dute informazio guztia, (tabakalera.eu), eta noka@tabakalera.eu helbidera bidali beharko dute beharrezko material guztia.