Eusko Jaurlaritzaren IKT Batzorde Estrategikoaren sorrera

Argitalpen-data: 

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak Kudeatzeko Eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuak xedatzen duen jarraibideari jarraituz, IKTen Batzorde Estrategikoa (CETIC) eratu da uztailaren 2an. Batzorde hori IKT gaietan akordioak, jarraibideak eta politikak ezartzeko kide anitzeko organo gisa diseinatuta dago, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzari atxikita dago.

Haren funtzioetako batzuk nabarmenduko ditugu:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren IKTen arloko politika eta estrategia zehazteko laguntza ematea, Gobernu Kontseiluak hala eskatuz gero.
  • IKTen Plan Estrategikoaren proposamena onestea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta erakundeen IKT zerbitzuak sailkatzeko gidalerroak ezartzea, kontuan hartuta zer aukera duten bateratzeko.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren IKT zerbitzuen sailkapena onestea; hori erabiliko da IKTen Plan Estrategikoan jaso diren bateratze-proiektuak lehenesteko.
  • “BATERA zerbitzu-katalogoa" onestea, bai eta haren berrikuspenak ere, eta aldietako bakoitzean zerbitzu berriak edo aldatu direnak diseinatzeko eta garatzeko zer proiektu behar diren zehaztea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta erakundeek IKTak hornitzeko izango duten politikaren oinarrizko gidalerroak definitzea, IKTak kudeatzeko ereduan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta erakundeei IKTen Plan Estrategikoaren proposamena prestatzeko prozesuan parte hartzeko oinarri gisa balioko dieten gidalerro orokorrak onartzea.
  • Nahitaezko irizpena ematea lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorretako proiektuei buruz, beti ere arautzen badituzte nola erabili behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, edo finkatzen badituzte teknologia horiek erabiltzeko gidalerro politikoak.
  • Gobernu Kontseiluak definitutako IKTen politika eta estrategia gauzatzeko moduari jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egitea; horretaz gain, IKTen Plan Estrategikoa betetzen ari dela gainbegiratzea, eta IKTen kudeaketa-ereduaren aplikazio-eremu osoan egin beharreko ikuskapenen plangintza egitea.

Sorrera-ekitaldian, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuorde Nerea López-Uribarri (CETICeko lehendakaria), hasiera-hasieratik, Eusko Jaurlaritzaren erabateko digitalizazioranzko itzulerarik eta aitzakiarik gabeko bidea marraztu nahi izan du. Lehendakariak definitutako trantsizio hirukoitza aipatu du, eta batzorde horrek sustatu behar duen eraldaketa digitala eta teknologikoa nabarmendu du.

Batzordea osatzen duten pertsonak aurkeztu, eta dekretu berria azaldu ondoren zerbitzu errepikariak aztertu dira, besteak beste;eta Batzordearen osaerari buruzko akordioarekin amaitu da ekitaldia. Ondorengo karguek osatzen dute Batzordea:

  • Lehendakaria: Nerea López-Uribarri Goicolea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea.
  • Lehendakariordea: Luis Petricorena Arbelaiz, Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren zuzendaria.
  • Idazkaria: Xabier Patxi Arrieta Goiri, Eusko Jaurlaritzako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria.
  • Batzordeak ondorengo kideak izango ditu:
    • Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzeko bat.
    • Erakunde bakoitzeko bat: IVAP, Eustat, Lanbide, EITB, Osakidetza, SPRI eta HAZI.
    • Beste bat, Ogasuna, Administrazio Elektronikoa eta Segurtasun Publikoan eskumena duen sail bakoitzeko, eta Hezkuntza eta Justizia sare-sektorialekoak.
    • Bi ordezkarik hitza izango dute, baina botorik ez, EJIE eta Itelazpiko ordezkariak.

Amaitzeko, adierazi behar da Batzordearen hurrengo bilera Eusko Jaurlaritza berria ados jarri eta legegintzaldi berria hasten denean antolatzeko asmoa dagoela.